Iñaki Errazkin: "Harro egoteko moduko erabakia hartu genuela pentsatzen dut; ez naiz egindakoaz damutzen"

Uztarria.eus 2018ko mar. 15a, 10:21
100 lagun inguru bertaratu zen Sanagustinera, Errazkinek, Intxaurrandietak eta Meltxorrek eskainitako Angula Ustelak hitzaldia entzutera. (Maialen Etxaniz)

Gipuzkoa Zutik plataformak sustatutako Angula Ustelak elkartasun biraren barruan, hitzaldia eskaini zuten Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohi azpeitiarrak, Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohiak eta Igor Meltxor kazetariak Sanagustin kulturgunean. Zubietako errauste plantaren afera izan zuten hizpide ia hiru ordu iraun zuen solasaldian. Bihar, ostirala, Errazkini babesa erakusteko argazkia aterako dute, Elkar-ekinek deituta. 

2013an Zubietako errauste planta geldiarazteagatik epaituko ditu Errazkin eta Intxaurrandieta Madrilgo Kontu Auzitegiak apirilaren 12an. "Afera horren atzean ezkutatzen diren xehetasunak azaltzeko eta gizartaratzeko" jarri zuten martxan Angula Ustelak egitasmoa. Euskal Herriko 35 herri baino gehiago igaroko ditu elkartasun birak. Azpeitian joan den astelehenean egin zuen geldialdia. 

Igor Meltxor Kazetari Kanaia proiektuaren zuzendariak ireki zuen Angula ustelak izenburupean eskainitako solasaldia. Meltxorrek hizpide izan zituen, besteak beste, Gipuzkoan abiatutako zenbait ustelkeria kasu eta horien aurrean komunikabideek nahiz politikariek erakutsitako jarrera. Kazetariaren esanetan, "kartel juridiko-mediatiko-enpresarial bat dago Zubietako errauste plantaren aferaren barruan". Hori agerian uztea xede, bere aburuz Gipuzkoako hainbat enpresekin "zerikusia" duten ustelkeria kasuez mintzatu zen Meltxor Sanagustin kulturgunean. Datu zehatzak eman zituen kazetariak, eta aipatu zituen enpresen artean daude Urbaser eta Altuna y Uria enpresak. Hain zuzen ere, Azpeitiko eraikuntza enpresako goi kargu bati egotzitako kasu baten inguruan hitz egin zuen kazetariak, pertsona horren izen-abizenak argi adierazita. Meltxorren hitzetan, "enpresari hura zen Zubietako erraustegiaren kontratua sinatzearen arduraduna". Bestalde, politikari eta hedabide jakin batzuek egindako "hizkuntzaren erabilera okerraz eta nahasgarriaz" hitz egin zuen Kazetari Kanaiaren zuzendariak. Adibide batzuk ere jarri zizkien Sanagustinera bertaratu ziren herritarrei: "Haiek ez dute errausten; erabiltzen dituzten adierazpideen arabera, energiari balioa ematen diote berriro. Ez dituzte erraustegiak egiten; beren lengoaian, ingurumen-azpiegiturak eraikitzen dituzte". Amaitzeko, Intxaurrandieta eta biak Zubietako erraustegiaren aferaz liburu bat idazten ari direla aipatu zuen Meltxorrek. Liburua "amaitzear" dute jada. 

Errauste plantaren afera, urtez urte 

Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohiak Zubietako erraustegiaren aferaren inguruan egindako kronograma eraman zuen Sanagustinera. Gertakarien errepasoa egin zuen Intxaurrandietak, urtez urte: "GHKn sartu ginenean, 2011. urtean, konturatu ginen kontsortzioaren jardunari lotutako dokumentazio asko falta zela, aktak eta agiriak kasu. Denbora asko eman genuen horiek inguratu nahian, baina asko kostatu zitzaigun, eta zaila izan zen egoeraren kontakizun erreala egitea. Argi zegoen EAJk proposatutako Zubietako errauste plantaren proiektua gaindimentsionatuta zegoela, baina ez geneukan frogarik. Aurreikuspen datuen arabera, erraustu beharreko hondakinen kantitate erreala 160.000 tonara hurbiltzen zen. Baina zifra horietatik urrun, EAJren proiektua 350.000 tona erretzeko zegoen diseinatuta. EAJ horren jakitun zen erraustegiaren kontratua sinatu aurretik, baina ez zitzaien axola. 2010eko maiatzean, IBHk mezu bat igorri zuen GHKra, EAJk egindako erraustegiaren proiektua gaindimentsionatuta zegoela jakinarazteko. Urtebeteko denbora tartea zuten beren proiektua berdimentsionatzeko, baina ez zuten aldatu. Izan ere, EAJk beste negozio bat ikusten zuen erraustegian. Bazekiten Gasteizko edota Europako txoko batzuetako hondakinak erretzeko lekua izanez gero, enpresen arteko negozio lerro berriak zabaltzeko aukera zegoela. EAJk 2011ko maiatzean sinatu zuen Zubietako erraustegia eraikitzeko kontratua, hauteskundeak baino aste bat lehenago, hain zuzen. Handik hilabete batera, 2011ko maiatzean EH Bilduk hartzen du Gipuzkoako Foru Aldundiaren agintea. EAJko GHK-ko ordezkariek funtzioetan jarraitzen dute, ordea. Erraustegia eraikitzeko sinatutako kontratuaren baldintzetako bat zen hiru hilaberen barruan baldintzak beteko zituen oinarrizko proiektu bat aurkeztu behar zutela. Igaro zen denbora tarte hori, baina EAJren proiektuak baldintzak bete gabe jarraitzen zuen".

Gertaera horien ostean, EAJri proiektua ontzeko denbora tartea luzatu zietela azaldu zuen GHK-ko lehendakari ohiak. Era berean, salatu zuen EAJk ez zituela hilabete haiek "aprobetxatu". Izan ere, haren aburuz, "proiektuak baldintzak betetzen ez zituen arren, enpresa pribatuen alde egindako proiektua zen hura, eta enpresak zein bankuak EAJren proposamena onartzeko prest agertu ziren".  Beste hainbat urrats egin ostean, 2013ko azaroan eten zuen Zubietako errauste planta eraikitzeko kontratua GHK-k. Gipuzkoako foru gobernuko eta udaletako ordezkariek osatzen dute kontsortzioko batzarra; sasoi hartan, EH Bildu zen nagusi.

Behin erraustegiaren kontratua etenda, 2013an GHK-ko langile eta teknikariekin bilerak egiten hasi zirela kontatu zuen Intxaurrandietak. Aurreko agintaldiko txostenak eta aktak berreskuratu nahian jarraitu zuten EH Bilduko ordezkariek, baina GHK-ko lehendakari ohiaren hitzetan, "hainbat oztopo" aurkitu zuten bidean: "Egun batean, kontsortzioko langile batek esan zigun berak bazituela nahi genituen txostenak eta aktak, eta agiriok disko batean grabatu eta hurrengo egunean emango zizkigula agindu zigun. Hurrengo egunean, baina, mezu bat jaso genuen zeinatan zioen bere alabak ezbehar bat izan zuela eta ezingo zuela lanera etorri. Handik bi egunetara, aldiz, beste desenkusa batekin etorri zen. Gu ohartzerako desagertu zen agiriak jasotzen zituen ordenagailua. Langile hark ez omen zekien non zegoen ordenagailua, eta horrela, orain gutxira arte. Abokatuekin hitz egin eta salaketa jarri genuen, desagertutako gailuak zuen informazioa baliotsua zela iritzita. Gure harridurarako, GHK-ko langile hark salaketa jarri zuen gure aurka, tratu txarrak, lapurreta eta beste hainbat kontu leporatuta. Modu horretan lortu zuen beste auzia, ordenagailuarena, gelditzea. Hilabete batzuen buruan jakin genuen ordenagailu hartatik milaka dokumentu ezabatu zituela". 

Errazinek eta Intxaurrandietak erraustegiaren proiektua gelditzeagatik hainbat enpresari 8,2 milioi euro ordaindu zizkiotela eta, aldundiak eskatu die erraustegiaren proiektua gelditzeak eragindako kalte ekonomiko osoa beren gain har dezaten: diputazioaren arabera, 40 milioi eurokoak dira gastu horiek. 

"Eskarmentua" jasota, baina "harro"

Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohi azpeitiarrak salatu zuen EAJren eta PSE-EEren erabakia –bi alderdi horiek eman zuten epaiketaren aldeko boza– beraien kontrako "mendekua" zela: "Nik uste dut hau ez dela zigor bat izan, eskarmentzeko ikasgai bat baizik. Orain, gehiago ezagutzen dugu zein den beren jokoa. Ikusi dugu nola kontrolatu ditzaketen instituzioetara iristen diren eragile politikoak eta nola behartzen dituzten beren menpekoak izatera. Gu ez ginen joko horretan erori. Horrek eragin zuen gai honekiko sortu duten zalaparta soziala. EH Bilduren alternatiba jipoitzera joan dira, gobernuan bageunden ere, kontraboterea ginelako".  

Sanagustinera bertaratu ziren herritarrek galderak egin zizkieten bi hizlariei, eta aho bizarrik gabe, gainera. "Gobernuan edo instituzioetan egonda ere, zuon alternatibak aurrera eramatea oztopatzen dutela ikusi da. Aurrera begira posible izango al da politika horiek instituzioetara eramatea?", galdetu zuen herritar batek. Horrela erantzun zuen Errazkinek: "Instituzioetan borrokan jarraitzen ez badugu, zer egin? Hori bai, politikan eragiteko beharrezkoa da indar soziala, politikoa eta mediatikoa izatea, instituzioetan gehiengoa izateaz gain. Indar ekonomikoa eta judiziala izatea zailagoa da".

Beste herritar batek galdetu zien ea egindako zerbaitetaz edo egin ez duten zerbaitetaz damutzen al diren. Errazkinek argi erantzun zuen: "Harro egoteko moduko erabakia hartu genuela pentsatzen dut; ez naiz egindakoaz damutzen". Erantzun horrekin bat egin zuen Intxaurrandietak ere. Txalo zaparrada batek hartu zuen kulturgunea orduan. Solasaldia bukatzear zela, gaia gizarteratzen jarraitzeko grina erakutsi zuten hiru hizlariek.