Artxibatu egin dute azpeitiar batek iazko andramarietan salatutako sexu erasoaren kasua

Urola Kostako Hitza 2018ko ots. 8a, 14:18
Joan zen abuztuaren 21ean gertaera salatzeko elkarretaratzea egin zuten ehunka lagunek Azkoitiko plazan.
Joan zen abuztuaren 19ko goizaldean, sexu erasoa egin ziotela salatu zuen adin txikiko emakume azpeitiar batek. Epaileak ez du hori horrela izan zela baieztatzen duen frogarik aurkitu instrukzio fasean, eta kasua artxibatu egin du akusatuaren abokatuak jakinarazi duenez. Salaketa jarri zuen adin txikikoaren abokatuak, berriz, froga berriren bat agertuko balitz, kasua berriz ireki daitekeela azaldu du.

Iazko Azkoitiko Andramari jaietako azken egunean, abuztuaren 19ko goizaldean, sexu erasoa jasan zuela salatu zuen adin txikiko emakume azpeitiar batek, eta ustezko eraso hari lotutako kasua artxibatu du Azpeitiko epaitegiak. Hain zuzen ere, akusatuaren abokatuak Urola Kostako Hitza egunkariari jakinarazi dionez, epaileak ez du delitu zantzurik ikusi eta amaitutzat eman du instrukzio bidea. Salaketa jarri zuen adin txikikoaren abokatuak, berriz, froga berriren bat agertuko balitz, kasua berriz ireki daitekeela azaldu du.

Azpeitiko epaitegiak instrukzio fasea zabaldu zuen adin txikiko emakumeak ertzain etxean salaketa jarri ostean. Ordutik froga bila aritu da epaitegia, eta bi aldeek nahiz lekukoek deklaratu dute. Instrukzio fasea bukatuta, baina, epaileak berretsi du ez dagoela "inolako deliturik" izan zela baieztatzen duen frogarik.

Epaileak iazko azaroaren 22an artxibatu zuen auzia, eta joan zen astean bukatu zen bi aldeek helegiteak aurkezteko epea.

Iazko abuztuan salatu zuen adin txikiko azpeitiar batek andramarietako azken egunean sexu erasoa jasan zuela. Bi egun beranduago identifikatu zuen Ertzaintzak ustezko egilea, eta ikerketa abiatu zuen. Gertaera salatzeko elkarretaratzea egin zuten Azkoitian, eta ehunka lagun bildu ziren kontzentrazio hartan jakinarazi zuen Sostenipe talde feministak festetan, abuztuaren 15ean, "bortxaketa" bat ere izan zela.