Ehunka lagunek salatu dituzte Azkoitiko Andramari jaietan izandako sexu erasoak

Uztarria.eus 2017ko abu. 21a, 22:17

Azkoitiko Andramari jaietako azken egunean sexu erasoa jasan izana salatu zuen adin txikiko azpeitiar batek herenegun, eta gaur jakinarazi dute Sostenipe talde feminista kideek beste eraso bat ere izan zela jaietan. Bi erasoak salatzeko ehunka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Azkoitiko plazan. Bertan izan dira, besteak beste, Azpeitiko eta Azkoitiko udaletako ordezkariak eta beste hainbat eragiletako kideak.

Hainbat eragilek salatu du egunotan erasoa, hala nola Azkoitiko nahiz Azpeitiko udalek, Piztuk, Ernaik, PSE-EEk, EH Bilduk, Haujijijai Festa Batzordeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek.

Sostenipe Azkoitiko talde feministak deitutako elkarretaratzea 19:30ean hasi da, Erasorik ez erantzunik gabe lelopean. Hamabost minutuko kontzentazio isila egin dute, eta plazan bildutako ehunka lagunen txalo zaparradak amaitu du isiltasuna. Kontzentrazioa bukatzean, Sostenipe taldeko kideek jakinarazi dute Andramari egunean beste eraso bat izan zela jakin berri dutela, baina gaineratu dute informazio gehiago ez dutela oraingoz.

Elkarretaratzeko argazki bilduma Urola Kostako Hitzaren webgunean ikus daiteke.