Zuritu ederra hartu du Xoxotek

Uztarria.eus 2018ko ots. 7a, 16:14

Gaur goizean ondo zurituta esnatu dira Azpeitia inguruko mendiak; tartean, Xoxote. Maitane Azpiazuk gaur goizean atera dituen argazkietan ikus daitekeenez, gogotik egin du elurra Izarraizko parajeetan. Hainbat mendatetan ere arazoak eragin ditu gaur goizean elurrak.

Halako egunetan egiten duen moduan, Azpeitiko Udalak elurrak sortutako arazoei irtenbidea emateko protokoloa jarri du martxan. Baserri bideak garbitzen ari dira Atxumarria, Matxinbenta, Elosiaga eta Izarraitz auzoetan, besteak beste. Udalak azaldu duenez, arazoren bat duten herritarrek Udaltzaingoaren 943 15 13 13 telefonora dei dezakete.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bihar eguerdira bitartean alerta laranja aktibatu du elurragatik; izan ere, 100-300 metro inguruan kokatuko da elur maila, eguraldi iragarpenaren arabera.