Ibilgailu guztientzat zabalik dira Azpeitia inguruko mendateak

Uztarria.eus 2018ko ots. 7a, 16:48

[ALBISTE EGUNERATUA] Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 15:30ak aldean kaleratu duen mendateen egoeraren inguruko informazioaren arabera, Urraki, Mandubia, Bidania eta Azkarate zabalik daude ibilgailu guztientzat. Dena den, tentuz gidatzea eskatu du Trafiko Zuzendaritzak, bihar eguerdira bitartean alerta laranja ezarrita dagoelako elurragatik.

Gaur goizaldean, iragarrita zegoen moduan, elurra eta kazkabarra egin du inguruko mendi, mendate eta herrietan. Hori dela eta, hainbat arazo sortu da errepideetan, batez ere mendateetan. Dena den, azken orduetan hobetu da errepide horien egoera, nahiz eta eguraldi iragarpenen arabera, 100-300 metrora jaitsiko den elurraren maila. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 15:30ak aldean kaleratu dituen datuen arabera, Urraki, Mandubia, Bidania eta Azkarate zabalik daude ibilgailu guztientzat, baina tentuz gidatzea eskatu du Trafiko Zuzendaritzak. Errepideetako egoera Trafikoa.eus webgunean ikus daiteke.

Bestalde, Lurraldebusek jakinarazi duenez, Beizamako Santa Ageda eta Santutxu geltokiak bertan behera utzi dituzte elurra dela eta. Horrek arazoak sortu ditu UK04 Albiztur eta Azpeitia arteko autobus zerbitzuan.

Azpeitiko Udalak elurrak sortutako arazoei irtenbidea emateko protokoloa jarri du martxan. Baserri bideak garbitzen ari dira Atxumarria, Matxinbenta, Elosiaga eta Izarraitz auzoetan, besteak beste. Udalak azaldu duenez, arazoren bat duten herritarrek Udaltzaingoaren 943 15 13 13 telefonora dei dezakete.