Maider Aizpurua: "Askotariko onurak izan ditzake jarduera fisikoa areagotzeak"

Urola Kostako Hitza 2018ko urt. 31a, 16:26
Maider Aizpurua.

Kirol Orientazio Zerbitzua sortu dute Azpeitian, "herritarrak ariketa fisikoa egitera erakartzeko". Zerbitzu horren orientatzailea da Aizpurua.

Nola sortu da proiektu berri hau?

Gaur egun, sedentarismoa eta jarduera fisiko eza mundu mailako arazoak dira, eta gure inguruan ere nabaritzen da hori. Konponbidea emateko, beharrezkoa da gizartearen esparru ezberdinetako eragileak batera aritzea, eta EAEn, apustu estrategikoa egin da biztanleek jarduera fisiko gehiago egin dezaten eta ohitura sedentarioak murrizteko. Gipuzkoan, aldundiak hartu du lidergoa eta hainbat proiektu garatzen ari da, besteak beste, orientazio zerbitzuena. Azpeitiko Udalak bat egin du proiektu horrekin, eta hainbat baliabide jarri ditu zerbitzuaren kalitatea bermatzeko.

Zeini dago zuzenduta zerbitzua?

Edozein adineko herritarrentzat irekita dago: ume, gazte, heldu, adineko... Denak eskuzabalik hartuko ditugu. Halere, lehentasuna izango dute arrazoi batengatik edo bestearengatik jarduera fisikoa egiten ez dutenek edo gutxiegi egiten dutenek, eta nondik eta nola hasi ez dakitenek ere bai. Proiektua ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoarekin, herriko hainbat eragilerekin lankidetza dinamikan ari gara, hala nola, ikastetxeekin, udal zerbitzuekin, eta abar. Horri esker, informazioa herritar gehiagorengana iritsiko da, eta zerbitzura hurbiltzen den pertsona modu eraginkorragoan laguntzeko aukera izango dugu, edozein dela ere bere sexua, jatorria, aniztasun funtzionala edota maila sozioekonomikoa. Gainera, aholkularitza zerbitzua doakoa da, eta ez da beharrezkoa Udal Kirol Patronatuko bazkide izatea.

Zer abantaila izan ditzake aholkularitza zerbitzu hau erabiltzeak?

Askotariko onurak izan ditzake erabiltzailearentzat jarduera fisikoa areagotzeak; ez bakarrik fisikoak, baita psikologikoak eta sozialak ere. Egunerokoan, gutxiago nekatzen, hobeto lo egiten, jende berria ezagutzen edota bestelako arazoei aurrea hartzen lagundu dezake. Zenbat eta osasuntsuago sentitzen garen, orduan eta gehiago gozatu ahal izango ditugu gure bizitza eta ingurua.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.