Bigarrenez egin diote eraso Pasaiako segadan hildakoen omenezko oroitarriari

Uztarria.eus 2018ko urt. 12a, 13:05
Kalde nabarmenak izan ditu oroitarriak. (Oarsoaldeko Hitza)

Larunbat gauean gertatu zen erasoa. Palanka baten laguntzaz saiatu dira oroitarria kentzen, eta torloju batzuk kendu dituzten arren, saiakera alferrikakoa izan da.

Pasaiako segadan hildakoen omenez oroitarri bat dago Pasaian bertan, eta bigarren aldiz erasotu dute. Bixi-Bixi elkarteak 2017ko azaroaren 11n jarri zuen oroitarria Pasaiako gazteluan, eta elkarte horrek jakinarazi duenez, larunbat gauean gertatu zen erasoa. Oarsoaldeko Hitzak azaldu duenez, palanka baten laguntzaz saiatu dira oroitarria kentzen, eta torloju batzuk kendu dituzten arren, saiakera alferrikakoa izan da.

Ez da oroitarriari eraso egiten saiatu diren lehen aldia; izan ere, joan den abenduan beste eraso bat jasan zuen. Lehen eraso haren ondoren, indartu egin zuten oroitarria, eta Bixi-Bixi elkartearen arabera, horregatik eutsi dio oroitarriak bere lekuan. Hala ere, kalte nabarmenak jasan ditu. Elkarteak ahalik eta azkarren konponduko du oroitarria.

1984ko martxoaren 22an Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak hil zituen Pasaiako badian.