Sansebastianak 2018

Hasi dituzte danborradarako entseguak

Uztarria.eus 2018ko urt. 12a, 13:35

Atzo hasi zituzten datorren astean ospatuko dituzten San Sebastian jaietako danborradetako entseguak. Hain zuzen ere, helduen txanda izan zen atzokoan, eta ehunka lagun izan ziren Izarraitz pilotalekuan danborrei hautsa kentzen eta atabalak astintzen. Izan zen ikuslerik ere, horietako asko bezperako danborradan kantinera edo banderadun aterako diren gazteak ziren.

Gainera, aurten hiru zuzendari berri aterako dira San Sebastian bezperako helduen danborradan: Mikel Agirre (Mendizaleak), Ekain Garate (Landeta-Egizale) eta Maite Bikendi (Izarraitz Txoko). Horiek atzoko entseguan egin zuten debuta beren taldeen aurrean.

Datorren astean beste bi entsegu egingo dituzte danbor taldeek: asteartean eta asteazkenean, 21:00etan, Izarraitzen. Bi saio horietan Udal Musika Bandak zuzenean joko ditu danborradako piezak.

San Sebastian eguneko umeen danborradako entseguak, berriz, datorren astean hasiko dituzte. Asteartean, asteazkenean eta ostegunean egingo dituzte entseguak 16:00etan, Izarraitz pilotalekuan.

Hona hemen atzoko entseguko argazkiak: