Mikel Orbea: "Nire alde zegoen Euskadiko Txapelketa jokatu genuen zirkuitua"

Uztarria.eus 2018ko urt. 5a, 13:25
Mikel Orbea, Izarran jokatutako proban. (Ciclo 21)

Joan zen abenduaren 3oean Izarran (Araba) jokatu zen Euskadiko Ziklokros Txapelketan garaile izan zen Mikel Orbea txirrindularia (Azpeitia, 2001), junior mailan. Bigarrenez jantzi du Euskadiko txapela Sanz-Epi kristaldegia taldeko txirrindulariak, iaz ere kadete mailan nagusitu baitzen. "Gustura" da txapelketan zein aurtengo denboraldian lortutako emaitzekin, eta orain Espainiako Txapelketa du buruan.

Nolako proba izan zen Izarran jokatu zenuena?

Probaren egunean, zirkuitua erabat lokaztuta zegoen. Arabako probetan, ohikoa izaten da ibilbidea hala egotea. Dezente gogorra izan zen txapelketa, eta zati batzuk korrika egin behar izan genituen. Pertsonalki, halako zirkuitu gogorretan ondo moldatzen naiz. Proba gogorra egin zitzaidan, eta gehien sufritu nuena korrika egin nituen zatiak izan ziren. Halere, gustura joan nintzen txapelketara.

Euskadiko txapelketa irabaztea espero al zenuen?

Irabazteko aukerak nituela banekien, baina Euskadin txirrindulari onak daude, eta, beraz, zalantza nuen irabaziko nuen ala ez. Zirkuitu bakoitza oso desberdina da, eta ni ibilbide gogorretan ondo ibiltzen naiz. Beraz, nire alde zegoen Euskadiko Txapelketa jokatu genuen zirkuitua.

Denboraldiko erronka nagusia al zen Euskadiko Txapelketa irabaztea?

Hori ez zen helburu nagusia. Hasierako helburu nagusiak Espainiako eta Munduko txapelketak izan dira. Bi aste barru jokatuko dugu Espainiako Txapelketa Legazpin (Gipuzkoa), eta ahalik eta ondoen egitea da nire asmoa. Orain, txapelketa hori daukat buruan, eta harako ari naiz prestatzen. Munduko Txapelketari dagokionez, han parte hartzea nahiko nuke, baina oraindik ez dakit iritsiko naizen. Zailagoa da hori, eta Espainiako Txapelketa oso garrantzitsua izango da mundukoan parte hartu ahal izateko.

Denboraldiari dagokionez, helburuak beteta amaitu al duzu urtea?

Hiru lasterketa falta dira denboraldia amaitzeko, baina orain artekoa oso ona izan da. Denboraldi hasieran helburu batzuk finkatu nituen, baina ez nuen uste horren ondo joango zenik. Lasterketa batzutan bizikleta matxuratu zait, baina beste guztiak ondo joan dira. Oso gustura amaitu dut urtea.