Joxean Etxeberriak eta Xabier Zalduak apustua jokatuko dute zapatuan zezen plazan

Uztarria.eus | Kirolak | Artikulua
2017-12-28 10:36

Joxean Etxeberria zigarrak eta Xabier Zaldua zumarragarrak aizkora eta korrika uztartuko dituen erronka jokatuko dute. 12:00etan hasiko da proba, eta aizkolari bakoitzak hamar kanaerdiko ebaki beharko ditu. Ondoren, Zalduak korrika 10 kilometro eta Etxeberriak 8 kilometro eta 600 metro egin beharko dituzte. 6.000 euro jarri dituzte jokoan.

Zaldua aizkoran, Arria V.aren kontrako apustuan.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Beste apustu bat izango da zapatuan Azpeitiko zezen plazan: Joxean Etxeberria zigarrak eta Xabier Zaldua zumarragarrak aizkora eta korrika uztartuko dituen erronka jokatuko dute. 12:00etan hasiko da proba, eta aizkolari bakoitzak hamar kanaerdiko ebaki beharko ditu. Ondoren, Zalduak korrika 10 kilometro eta Etxeberriak 8 kilometro eta 600 metro egin beharko dituzte.

Egurrak Etxeberriak jarriko ditu, eta erdibana plazaratuko dituzte. Bi aizkolariek antolatu dute desafioa, eta 6.000 euro jarri dituzte jokoan.

Etxeberriak eta Zalduak jokatuko duten apustua ez da aurtengo aurrena; izan ere, hiruzpalau izan dira behintzat. Mikel Larrañagak eta Alex Txikonek jokatu zuten bat joan zen uztailaren 1ean, eta Larrañaga nagusitu zen gero soka luzea ekarri zuen erronka hartan; Xabier Orbegozo Arria V.ak, berriz, bi desafio jokatu ditu aurten han; Joxe Aierberen marka hautsi zuen berak bakarrik jokatutako proban, eta Zaldua garaitu zuen abenduaren 3ko apustuan. Horrenbestez, hilabete baino gutxiagon Zalduak jokatzen duen bigarren apustua izango da zapatukoa.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa