Zapatuan jokatuko da VIII. Herriarteko Kros Mistoa

Uztarria.eus 2017ko urr. 26a, 20:30
Estitxu Elduaien zinegotzia, Ikasberri KEko Jon Garate, eta Vanessa Cerrajero eta Antonio Carmona korrikalariak, kroseko kartelekin.

18:30ean abiatuko da proba plazatik, eta hantxe izango du helmuga ere. Gaur eguerdia bitartean, 50etik gora ziren izena emandako bikoteak. Autobus geltokietan aldaketak eragingo ditu krosak zapatu arratsaldean.

Azpeitiko VIII. Herriarteko Kros Mistoa etzi, zapatua, jokatuko da. 18:30ean abiatuko da proba plazatik, eta hantxe izango du helmuga ere. 6,2 kilometroko ibilbidea bete beharko dute gizon-emakume bikoteek, iazko ibilbide berarekin. Gaur eguerdia bitartean, 50etik gora ziren izena emandako bikoteak, Ikasberri Kirol Elkarteko antolatzaileek emandako datuen arabera. Aurrez izena emateko epea, ordea, bihar gaueraino luzatuko da. Interneten, herrikrosa.eus webgunean eman daiteke izena; bestela, denda hauetan: Azpeitiko Aitzaki Kirolaken, Santi Lazkanon eta Mugin, Azkoitiko PB Sporten eta Zarauzko Helmugan. 20 euro balio du izena aurrez emateak. Zapatuan bertan ere egin ahalko dira inskripzioak plazan, baina garestiago, 30 euroren truke.

Aurten ere, euskal selekzioen aldeko aldarriarekin hasiko da Azpeitiko krosa, irteeran parte-hartzaile guztiekin aterako duten argazki jendetsuarekin. Parte-hartzea errazteko zerbitzuak ere jarri dituzte: 16:30etik 19:30era 4 eta 8 urte arteko umeentzako ludoteka zerbitzua egongo da, esaterako.

Biharkoa izango da Urola Kostako Kros Mistoen II. Txapelketaren lehen proba. Errezil (azaroak 19), Ezkio (azaroak 25) eta Zarautz (abenduak 3) etorriko dira gero.

Autobus geltokiak

Urtero legez, zapatuan ere aldaketak izango dira autobus geltokietan, kros mistoa dela eta. Anbulatorioko, Burdinbidearen Euskal Museoko eta Julian Elortzako geltokiak ezeztatuta egongo dira 18:15etik 19:30era. Tarte horretan, museoko eta Julian Elortza kaleko geralekuak saihesbidera aldatuko dituzte, Enparangainera, museoko oinezkoentzako zubiaren parera.