Azpeitikoa izango da Urola Kostako Kros Mistoen II. Txapelketaren lau probetan aurrena

Uztarria.eus 2017ko ira. 29a, 22:28
Aurkezpenean izan diren antolatzaileak eta babesleak, txapelketako lasterketen kartelekin.

Ezkioko mendi lasterketa berria batu zaie bigarren edizioan Azpeitiko, Errezilgo eta Zarauzko krosei. Lau probetatik gutxienez hirutan parte hartu beharko da txapelketan puntuatzeko. Urriaren 28an izango da Ikasberri KEk antolatutako Herriarteko VIII. Kros Mistoa.

Gaur aurkeztu dute Urola Kostako Kros Mistoen II. Txapelketa. Iaz martxan jarritako egitasmoak berrikuntza nagusi bat izango du arten. Izan ere, Ezkioko lasterketa batu zaie aurten Azpeitikoari, Errezilgoari eta Zarauzkoari eta, horrela, lau probak osatuko dute liga moduan jokatuko den txapelketa. Ezkiokoa, gainera, mendi lasterketa izango da, "baina edonork egiteko modukoa", 5,8 kilometrokoa, Aritz Egea antolatzaileak adierazi duenez. Egearekin batera aurkeztu dute txapelketa Jon Ziarsolo Errezilgo antolatzaileak, Jon Garate Azpeitikoak, eta Estitxu Elduaien Azpeitiko Udalaren Kirol batzordeburuak.

Iaz bezala, Azpeitian hasiko da Txapelketa, urriaren 28an, Ikasberri Kirol Elkarteak antolatutako Herriarteko VIII. Kros Mistoarekin. Errezilgo III. Kros Mistoa azaroaren 19an izango da, azaroaren 25ean Ezkioko I. Mendi Lasterketa Mistoa, eta abenduaren 3an azkena eta beteranoena, Zarauzko XXXIX. Kros Mistoa. Kostaldeko herriko lasterketaren amaieran banatuko dituzte txapelketaren sariak.

Txapelketaren araudia iazkoaren oso antzekoa izango da, baina berezitasun batekin: txapelketan puntuatzeko, gutxienez lautik hiru probatan parte hartu beharko dute bikoteek. Iaz mila inguru izan ziren txapelketan parte hartu zuten bikoteak, baina 17k bete zituzten azken sailkapenean sartzeko baldintzak, eta "aurten gehiago izatea" espero dute antolatzaileek. Proba bakoitzean antolatzaileek beraiek erabakitako toki fisikoak izendatu ditzaketen arren, txapelketan parte hartzeko Herrikrosa.eus webgunean eman daiteke izena. Lasterketa bakoitzean 20 eurokoa izango da bikoteko izen-ematea; lehen hiru lasterketetan parte hartu duten bikoteek, ordea, 5 euro besterik ez dituzte ordaindu behar izango Zarauzkoan parte hartu nahi badute.

Hauek dira araudiaren beste puntuak:

  • Txapelketan lehiatzeko, bikoteak berdina izan behar du hiru lasterketetan. Bikotean aldaketak onartuko dira lesioak tarteko eta mediku-agiria aurkeztuta, beti ere. Kasu horietan, aldaketak izan dituen bikoteari bost minutuko penalizazioa ezarriko zaio.
  • Hiru lasterketetan egindako denboren baturarekin erabakiko da txapelketaren sailkapena.

Herritarrak kirola egitera bultzatzea eta berdintasunaren eta parekidetasunaren balioak sustatzea izango dira bigarren edizio honetan ere antolatzaileen helburuak.

Iazko ibilbide bera

Zortzigarren edizioa beteko du aurten Azpeitiko Herriarteko Kros Mistoak. Urriko azken zapatuan, 18:30ean abiatuko da proba plazatik, eta hantxe izango du helmuga ere. 6,2 kilometroko ibilbidea bete beharko dute gizon-emakume bikoteek, iazko ibilbide berarekin. Urtero legez, euskal selekzioen aldeko aldarriak ez du hutsik egingo Azpeitiko krosaren irteeran, parte-hartzaile guztiekin aterako duten argazki jendetsuarekin. Ezta lasterkarien parte-hartzea errazteko zerbitzuek ere: 16:30etik 19:30era 4 eta 8 urte arteko umeentzako ludoteka zerbitzua egongo da, esaterako.

Internetez ez ezik, Azpeitian (Aitzaki Kirolaken, Santi Lazkanon eta Mugin), Azkoitian (PB Sporten) eta Zarautzen ere (Helmugan) eman daiteke Azpeitiko kroserako izena, 20 euro ordainduta. Egunean bertan ere izango da apuntatzeko modua, plazan, 30 euroren truke.