Luzatu egin dute Beldur Barik programaren barruko bideogintza tailerrerako izen-emate epea

Uztarria.eus 2017ko urr. 2a, 19:17

Hilaren 6ra arte eman daiteke izena ikus-entzunezkoak egiteko tailerrean. Parte hartu nahi dutenek beldurbarikazpeitia@gmail.com helbidera mezu bat idatzi behar dute. Emakundek antolatutako lehiaketaren helburua da gazteen artean indarkeria sexista saihestea.

Urriaren 6ra arte luzatu dute Beldur Barik programaren barruan antolatutako bideogintza tailerrean izena emateko epea. Saiorako izena beldurbarikazpeitia@gmail.com helbidera idatzita egin behar da. Mezuan taldearen izena, taldekideen izen-abizenak eta horien jaiotze datak, horien ikastetxearen izena eta maila, herria eta e-posta helbide bat zehaztu beharko dituzte izena eman nahi dutenek.

Ikastaroan parte hartzen dutenek, bideoak nola egin eta horieta Beldur Barik jarrerak nola erakutsi ikasiko dute.

Bideogintza tailerraren helburua da gazteak banaka edo taldeka elkartu, eta sormena eta teknologia berriak erabiliz ezberdintasun egoerei eta indarkeria sexistaren adierazpenei nola aurre egin erakustea, ikus-entzunekoen bidez.

Lehiaketan 12 eta 26 urte bitarteko gazteek har dezakete parte, eta adinaren arabera bi kategoritan banatuko dira parte-hartzaileak. Alde batetik, 12 eta 17 urte bitarteko gaztetxoak, eta, bestetik, 18 eta 26 urte bitartekoak. 

Iaz jarri zuten martxan Emakundek kudeatzen duen Beldur Barik programa herriko ikastetxeetan.