Beldur Barik jarrerak, herriko ikastetxeetara eta Gaztelekura

Uztarria.eus 2017ko ira. 26a, 16:29
Ainara LarraƱagak, Olatz Izagirrek eta Leire Etxanizek aurkeztu dute aurtengo programa. (Maialen Etxaniz)

Beldur Barik programaren helburua da gazteen artean indarkeria sexistari aurrea hartzea, eztabaida eta hausnarketak sustatuta. Iaz jarri zuten programa martxan herriko ikastetxeetan. Aurten, Beldur Barik bideo lehiaketan parte hartzera deitu dituzte ikasleak. Gaztelekuan bideogintza ikastaroa antolatu dute, egitasmoan parte hartu nahi duten gaztetxoei zuzenduta. 

Beldur Barik programa iaz iritsi zen estreinakoz Azpeitiko ikastetxeetara, emakumeenganako indarkeriaz hausnartzeko eta gaiaz sentsibilizatzeko helburuarekin. Aurten, berriro jarri dute abian Beldur Barik, erronka berriekin. 

Udalaren eta ikastetxeen arteko elkarlanaren baitan, Udalak hainbat programa jarri ditu martxan azken bederatzi urteetan, ikastetxeetan eta gazteen artean hezkidetza eta pertsonen arteko berdintasuna lantzeko. Iaz, beste urrats bat egin, eta gaur egun Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak antolatzen duen Beldur Barik programara batu zen Azpeitia.

Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziak azaldu duenez, Beldur Barik programaren helburua da gazteen artean indarkeria sexistari aurrea hartzea, eztabaida eta hausnarketak sustatuta: "Indarkeria sexistaren jatorria gure gizarteko kultura matxistan dagoela ulertuta, ezinbestekotzat jotzen da kultura hori aldatu eta gizarteko balore eta sinesmenak aldatzea. Horretarako gazteen artean hausnarketa eta eztabaida prozesuak bultzatzen ditu programa honek". Etxanizen esanetan, egunerokoak erakusten du oraindik ere "ezinbestekoa" dela gaur egun jarrera matxistei eta indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak jartzea: "Hezkuntzaren bidez gazteengan jarrera egokiak bultzatzeko hezkidetza programak garatzen 9 urte daramatzagu ikastetxeek eta Udalak, baina errealitateak argi erakutsi digu oraindik ere lan asko dugula egiteko".  

Beldur Barik jarrerak, bideoan

Ikasturtea hastearekin batera hasi dira lehen erronka mahai gainean jartzen. Olatz Izagirre da Beldur Barik dinamikaren dinamizatzailea Azpeitian, eta hark azaldu duenez, Beldur Barik bideo lehiaketan parte hartzeko deia egin diete ikasteei. "Asmoa da gazteak banaka edo taldeka elkartu, eta sormena eta teknologia berriak erabiliz ezberdintasun egoerei eta indarkeria sexistaren adierazpenei nola aurre egiten dieten erakustea, ikus-entzunekoen bidez", azaldu du Izagirrek. Taldeka, gelaka, ikastetxeka… "nahi duten eran" antolatuta, lanean hasteko proposamena egin diete ikasleei. 

Lehiaketan 12 eta 26 urte bitarteko gazteek har dezakete parte, eta adinaren arabera bi kategoritan banatuko dira parte-hartzaileak. Alde batetik, 12 eta 17 urte bitarteko gaztetxoak, eta, bestetik, 18 eta 26 urte bitartekoak. Aurten, lehen kategoriako gaztetxoetan jarri dituzte indarrak. Hala, Gaztelekuan bideo lehiaketa parte hartu nahi dutenentzat bideogintza tailerra antolatu dute. "Bideoak nola sortu eta nola editatu landuko da bideogintza tailerrean. Horrez gain, beldur barik jarrera zer den eta egiten diren bideoetan nola adierazi dezakegun ikasiko dute parte-hartzen duenek", zehaztu du Ainara Larrañaga Gazteria zinegotziak. 

Beldur Barik Topaketa nagusia abenduaren 2an egingo dute, Eibarren. Azpeitian, baina, beste topaketa bat egingo dute aurretik, azpeitiarrek egindako ikus-entzunezko lanak ikusteko. Sanagustin kulturgunean izango da emanadia, azaroaren 24an, baina xehetasunak-eta emanaldiaren data gerturatzen joan ahala zehaztuko dituztela aurreratu dute.