Sammic Hosteleria ISBk Euskal Kopa irabazi du

Uztarria.eus 2017ko ira. 24a, 23:33
(Argazkia: Iraurgi SB)

Azkoitia-Azpeitiko taldeak gaur arratsaldean jokatu du finala Araberriren aurka, eta 76 eta 62 gailendu dira.

Sammic Hosteleriak Euskal Kopako finala jokatu du gaur arratsaldean Araberriren aurka, eta 76 eta 62 irabazi du Azkoitia-Azpeitiko taldeak. Azpeitiko kiroldegian izan da partida, eta Urrezko LEB ligan ariko diren bi euskal taldeek final orekatua jokatu dute, nahiz eta beti Sammic izan den aurretik markagailuan. Azken laurdenean, Euskal Kopa osoan bezala, eraginkortasun aparta izan du Sammicek hiruko jaurtiketetan, eta, hala, garaipen erosoa lortu du. Joe de Ciman izan da saskiratzailerik onena, 18 puntu lortuta.

Iraurgi SBko taldeentzat egun handia izaten ari da gaurkoa; izan ere, Añares ISBk Baque txapelketa irabazi du gaur eguerdian Tabikaroren aurka, Durangon (Bizkaia).

Aurre-denboraldia amaituta, Iraurgiko bi talde nagusientzat datorren asteburuan hasiko da liga. Añares ISBk larunbatean jokatuko du lehen partida Cortegadaren aurka, 18:00etan, Azkoitian. Sammic Hosteleriak, berriz, Leyma Coruña hartuko du igandean Azpeitian, 18:00etan.