Teloiaren atzeko lanari 12.000 euroko bultzada

Uztarria.eus 2017ko ira. 14a, 15:40
Sorkuntza Bekak jaso dituzten proiektuen egileak (hiru proiekturen egileak falta dira), Udaleko eta Kultur Mahaiko ordezkariekin.

Zortzi proiekturen artean banatu dituzte Sorkuntza Bekaren 12.000 euroak. Bi disko, hiru ikus-entzunezko lan, bi pintura proiektu eta pailazo ikuskizuna dira laguntzak jasoko dituztenak. Proiektu bakoitzak diru kopuru ezberdina jasoko du.

Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak iaz jarri zituzten martxan Sormen Bekak, sortzaile berriei bultzada emateko asmoz. Teloiaren atzean ezkutatzen den lan hori sostengatzeko helburuarekin, lehen edizioan, 6.000 euro banatu zituzten, bost proiekturen artean. Iazko arrakasta ikusita, baina, bekan banatuko zuten diru kopurua bikoiztea erabaki zuten. Aurtengoan bederatzi proiektu aurkeztu dira deialdira, eta horietatik zortzik jasoko dute laguntza. Kanpoan utzi duten proiektu hori iruditu zaie ez zegoela "hain lotuta sormen prozesu batekin edo prozesu artistiko batekin", Xabier Gantzarain Kultur Mahaiko teknikariaren arabera.

Lagundutako proiektu guztiak herritarrenak dira, eta, horietako gehienen atzean sortzaile gazteak daude. Ainara Larrañaga zinegotziaren arabera, horrek "garrantzia berezia" du: "Gazteak sortzen jarduteak etorkizun bat bermatzen du, herrian kulturak bizirik jarraituko duela bermatzen du". Proiektuak diziplina ezberdinetakoak dira: bi disko, hiru ikus-entzunezko lan, bi pintura proiektu eta pailazo ikuskizuna. Larrañagaren esanetan, horrek erakusten du herrian denetarik sortzen duen jendea dagoela, eta "pozgarria" da.

Zortzi proiektu

Honako hauek dira Sorkuntza Beken bidez diruz lagunduko dituzten zortzi proiektuak:

  • 'I feel happy' film laburra. (Egileak: Yuri Agirre, Eneritz Arzallus eta Ane Arenas). 2.000 euro jaso ditu proiektuak. Bi pertsonen arteko elkarrizketan oinarrituko da lana, Agirreren arabera. "Batetik, ustez arrakasta eduki duen pertsona bat dago, eta, bestetik, gizarteko periferian kokatzen dena, bai kulturalki eta bai sozialki. Bi bizitzeko ereduren arteko kontraesanak azalerarazi nahi ditugu; hausnartzeko balioko duen film labur bat egitea da asmoa". Une honetan gidoia eta lantalde teknikoa zehazten ari dira, eta abenduan grabatzea eta lana datorren urtean aurkeztea da taldearen asmoa.
  • 'Azpeitiko baserriak eta emakume baserritarrak industrializazio garaian' dokumentala. (Egileak: Lorea Segurola, Irati Uzkudun, Miren Altuna, Aitor Beloki eta Joseba Gracenea). 1.500 euro jasotzekoa zen proiektua, baina hedabide honek jakin ahal izan duenez, uko egingo diote bekari.
  • 'Peto Petue' Azpeitian erabiltzen diren hitz eta esaeran ilustrazioak. (Egilea: Olatz Aguado). 1.750 euro jaso ditu proiektuak. Azpeitian erabiltzen diren hitzak eta ilustrazioak uztartuko ditu Aguadok. "Kontu honekin nire kabuz hasi nintzen lanean, eta proiektua pixka bat borobilduta neukanean, Natulekin harremanetan jarri nintzen. Natulek jasotako hitz pila bat eskaini zizkidan, eta hortxe ari naiz, sortzen eta proiektuari forma eman nahian, ilusio handiarekin", azaldu du egileak. Gabonak alderako proiektua gauzatzea espero du.
  • 'Ekain Txou' pailazo ikuskizuna. (Egilea: Ekain Ibarguren). 1.500 euro jaso ditu proiektuak. Ikuskizun berria prestatzen ari da Ibarguren, eta Azpeitian estreinatuko du.
  • 'Korosagasti' filma. (Egilea: Asier Sustaeta, Erabaki Produkzioak) 2.731 euro jaso ditu proiektuak. Beizamako Korosagasti baserrian gertatutako krimenak islatuko dituen filma izango da. Filmaren gidoia osatzeko baliatuko dute beka. "Amateur maila horretatik harago" joango den proiektua izango da, Sustaetaren arabera.
  • Erokomeri taldearen diskoa. 1.000 euro jasoko ditu proiektuak. Martin Altuna taldeko trikitilariak azaldu duenez, hamar kanta izango ditu diskoak. "Trikiti munduko kantak izango dira, baina ez dira trikiti tradizionalarekin guztiz lotutakoak izango. Saiatu gara gauza berriak sartzen eta gure estilo propioa eraikitzen". Urrian hasiko dira grabatzen, eta abenduan Durangon aurkeztuko dute lana. Kontzerturen bat Azpetian emateko asmoa ere badute.
  • Trini Fox taldearen diskoa. 1.000 euro jaso ditu proiektuak. Dagoeneko grabatu dute diskoa, eta gaur estreinatuko dute, Donostiako Bukowskin. 
  • Pintura proiektua. (Egilea: Irune Aramendi). 519 euro jaso ditu proiektuak. Koadro batzuk egingo ditu Aramendik, eta Azpeitian eta inguruetan erakutsiko ditu. Lanarekin hausnartzera bultzatu nahi du bere burua, eta baita ikusleak ere.

Sortzaileei bultzada

Josu Labaka kultura zinegotziak uste du proiektu horietako bakoitza "interesgarria" dela, "herriari ekarpen bat" egiten diola, eta "aberastu" egiten duela herriko kultur mugimendua. "Bakoitzak badu ikuspuntu bat, bakoitzak badu zerbait esateko, eta kultur jardueraren bidez hori espresatzeko modu bat bilatzen da".

Sorkuntza Beken proiektua "oso inportantea" iruditzen zaio Gantzaraini. "Bestela agian lanerako aukerarik ez duen jendea aktibatzen du. Diru laguntza honekin denbora pixka bat irabazten da, lanerako indar pixka bat hartzen da. Gure helburua da plaza bat eskaintzeaz aparte, teloiaren atzeko lan horretarako leku bat eskaintzea".

Proiektu indibidualak izan arren, ikuspegi kolektibo bat eman nahi diete; horregatik, proiektuak elkarren artean harremanetan jarri nahi dituzte, eta jarraipen bat egingo diete.