Suharri Aranburu eta Gilen Aldalur: "Gustura gaude azken boladan talde bezala asko hazi garelako"

Urola Kostako Hitza 2017ko ira. 6a, 14:03
Trini Fox taldea. (Maitane Bermejo)

Azken bi urteetan jasotako fruituak batu, eta disko berriaren hegaldiari ekiteko prest dago Azkoiti-Azpeitiko Trini Fox taldea. Aurrerantzean, taldekide berriarekin igoko dira oholtzara.

Letaginak deitzen da kaleratzear zaudeten diskoa. Nondik dator izena?

Aurrena, azeria hitza hartu eta hizkuntza ezberdinetan nola izan zitekeen pentsatu genuen. Baina, azkenean, letaginak hautatu genuen, animaliek defentsarako erabiltzen eta erakusten dituztelako. Kantuak, gehienak, barne gudak dira, eta hori dela-eta hitz interesgarria iruditu zitzaigun.

Zer gai jorratzen dituzte abestien hitzek?

Denboraren inguruan asko hausnartzen duten abestiak daude diskoan, beren izenek esaten duten bezala: Gero, Hilzorian, Bila nabil... Bestalde, harremanen inguruan gertatzen diren buruhausteez ere aritzen gara, gauzak belzten diren uneetako sentimenduez.

Eta gauzak argitzen diren uneaz aritzen al zarete?

Bai, abesti bakarrean. Izan ere, pixka bat gure estilotik bereizten den kantu bat dago diskoan, pop doinuetara gehiago gerturatzen da, eta kantu hori da alaiena edo positiboena.

Zer ezaugarri ditu diskoak musika aldetik?

Guztira, bederatzi abesti ditu lanak, eta kantutik kantura asko aldatzen da estiloa. Gehienak rockeroak dira, baina ikusten da hirurok oso musika ezberdina entzuten dugula; hori kantuetan asko antzematen da. Bestalde, ahotsak ere oso ezberdinak dira, unean uneko egoerak ere eragiten duelako.

Kolaboraziorik izan al duzue diskoa grabatzean?

Bai, Chico Tornado. Suharrik laguna du txikitatik, baita Niña Coyote ere, eta beti babestu dute gure lana. Diskoan kolaborazioren bat egitea otu zitzaigunean zuzenean pentsatu genuen eurekin, eta Chico Tornado animatu zen estudioan sartzera. Izugarrizko abestia atera zen azkenean.

Irakurri elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitzaren webgunean.