Aurten Munoaundira bi bisita gidatu antolatu ditu Aranzadik

Uztarria.eus 2017ko uzt. 17a, 19:41

Hainbat lagu Munoaundin lanean. (Antxoka Martinez)

Zapatuan, uztailaren 22an, egingo dute aurrena eta hilaren 26an, asteazkenez, bigarrena.

Munoaundiko Burdin Aroko herrixka gotortua ezagutzeko ibilaldia antolatu ohi du Aranzadik urtero, baina aurten bi bisita gidatu prestatu dituzte. Zapatuan, uztailaren 22an, egingo dute aurrena eta hilaren 26an, asteazkenez, bigarrena.

Bi egunetan, 11:00etan hasiko dira irteerak, Azkoitiko Urola Lanbide eskolaren aparkalekutik, eta handik oinez joango dira Munoaundiraino. 25-30 minutu inguruko ibilbidea izango da, eta behin iritsitakoan aztarnategia bisitatuko dute. Oinez iristeko zailtasunak dituzten pertsonek ibilgailuz joan ahal izango dute; izan ere, horientzako garraio zerbitzua antolatuko dute. Mendirako oinetako egokiak, berokia edo zira eta ura eramatea gomendatzen da. Bisita gidatua euskaraz eta gazteleraz izango da.

Munoaundiko indusketa arkeologikoaren XII. ekinaldia abian da joan den astetik, eta martxan izango da hilaren 29ra arte, Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatuta eta Azpeitiko eta Azkoitiko udalek nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta.

2004an hasi ziren Munoaundi herrixkan zundaketak eta miaketak egiten, eta handik urtebetera ekin zieten indusketei. Aurtengoa indusketen hamabigarren ekinaldia da, eta, batez beste, hiru astetan hogei lagun ariko dira bertan lanean. Hainbat tokitatik etorri da jendea lanera: Madril, Katalunia, Malaga, Almeria, Valentzia, Zaragoza... Eta Euskal Herriko hainbat txokotako lagunak ere paraje horretan dabiltza indusketak egiten, hala nola Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak.

Joan den astean Munoaundiren inguruko erreportajea egin zuen Urola Kostako Hitzak.