Burdin Aroa induskatzeko parada

Urola Kostako Hitza 2017ko uzt. 13a, 13:17
Hainbat lagun atzo Munoaundin lanean. (Antxoka Martinez)


Astelehenean hasi ziren Azkoitia eta Azpeitia arteko Munoaundi herrixkan indusketak egiten. Hogei bat lagun hilaren 29ra arte ariko dira han lanean, eta bisita gidatu bat eskainiko dute.

Aski jakina da uda sasoian izaten dela zer eginik han eta hemen. Oporrak batzuek, eta lana besteek, baina bada oporraldia lan bereziak egiteko hartzen duen jenderik. Azken udetako legez, astelehenaz geroztik, hainbat lagun ari da indusketak egiten Azkoitia eta Azpeitia arteko Munoaundi aztarnategian. Hilaren 29ra arte ariko dira Burdin Aroko gunean lanean, Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatuta eta Azpeitiko eta Azkoitiko udalek nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta.

2004an hasi ziren Munoaundi herrixkan zundaketak eta miaketak egiten, eta handik urtebetera ekin zieten indusketei. Aurtengoa indusketen hamabigarren ekinaldia da, eta, batez beste, hiru astetan hogei lagun ariko dira bertan lanean. Hainbat tokitatik etorri da jendea lanera: Madril, Katalunia, Malaga, Almeria, Valentzia, Zaragoza... Eta Euskal Herriko hainbat txokotako lagunak ere paraje horretan dabiltza indusketak egiten, hala nola Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak.

Antxoka Martinez Aranzadiren Historiaurreko Arkeologia Saileko kidea da Munoaundiko indusketen zuzendaria. Hark azaldu duenez, batez ere, arkeologia ikasketak egiten ari diren lagunak ari dira parte hartzen ekinaldian. "Gazteentzat urtean zehar unibertsitatean ikasitakoa praktikan jartzeko aukera da. Izan ere, ikasten dutena ikus dezakete. Arkeologia oso praktikoa da izatez, baina ikaste prozesuan ez dute indusketak-eta egiteko aukera handirik izaten. Teoria garrantzitsua da, noski, baina lanean ere asko ikasten da, eta indusketa hauek aukera ona dira trebatzeko".

Martinezek adierazi duenez, proiektuaren bigarren fasean ari dira lanean azken urteotan. "Aurreko urteetako ildoei jarraituz ari gara lanean. Bost urterako plangintza egin genuen bigarren faserako, eta aurtengoa fase horren barruko laugarren urtea da. Harresi eta sarbide inguruak aztertzen ari gara, eta helburua da Munoaundi herrixka gotortuko bizitokiak aztertzea. Horregatik jo dugu harresi aldera". Aranzadiko kideak jakinarazi duenez, herrixkaren sarbidea da Munoaundiren ezaugarri nagusia: "Nahikoa berezia da herrixkarako sarbide sistema, eta hori ere ikertzen ari gara".

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.