Asteazkenean itzuliko dira autobusak Sanjuandegiko geralekuetara

Uztarria.eus 2017ko uzt. 17a, 18:41
Igerileku ondoko autobus geralekuak, gaur.

Lurraldebusek gaur jakinarazi du Loiolako etorbideko behin-behineko geltokiak bertan behera utzi eta etzitik aurrera igerileku ondokoetan geldituko direla autobusak.

Udalak joan den ostiralean aurreratu zuen, Lurraldebusek onespena eman ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baieztapenaren zain zegoela autobus geltokiak Sanjuandegira itzultzeko. Gaur, berriz, Lurraldebus izan da iragarri duena, asteazkenean itzuliko direla autobusak igerileku ondoko geralekuetara, Urbitarte auzunera.

Joan den apirilean aldatu zituzten behin-behinean autobus geltokiak Urbitartetik Loiolako etorbidera, Sanjuandegi eta Etxebeltz-Izarra arteko zubiaren lanak hastearekin batera. Etzi, uztailak 19, Sanjuandegira itzuliko dira autobusak, bi norabideetan.