Lurraldebusen onespenarekin eta Foru Aldundiaren baieztapena jaso ostean, Sanjuandegiko geltokietara itzuliko dira autobusak

Uztarria.eus 2017ko uzt. 15a, 01:09

Udal teknikoak, Lurraldebusekoak eta Gipuzkoako Foru Aldundikoak zubiaren eremura joan ziren joan den ekainean, autobusaren ibilbide berria ikusteko eta aztertzeko. Udalak jakinarazi duenez, "han ikusitakoaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Garraio Ikuskaritzak ibilbidearen alternatiba berri bat eta horretarako egokitzapenak" egiteko proposamena bidali zuen Udalera. Alternatiba horren arabera, autobusen zein trafikoaren noranzkoan aldaketak egin behar ziren, eta Udala saiatu zen "alternatiba desberdinak aztertzen, horrelakorik egin beharrik ez izateko". Baina azkenean, Azpeitiko Udalak Aldundiaren eskakizunak eta proposamenak aintzat hartu zituen ekainaren 28an.

Iazko apirilean, Sanjuandegi eta Loiolabide lotu dituen zubia eraikitzeko obrak hastearekin batera, Sanjuandegiko autobus geltokiak behin-behinean Esklaba parera pasatu zituzten. Udalak azaldu duenez, erabaki hori Gipuzkoa Foru Aldundiarekin adostuta  hartu zuten.

Obrak iraun bitartean,  autobus geltokiak bertan lagatzeko herritarren eskaerak jaso izan ditu Udalak. Baina ordezkariek adierazi dutenez, "eskaera horien kontra, ordea, Sanjuandegiko bizilagun ugarik ere egin dute lehenbailehen geltokiak auzora mugitzeko eskaera".

Egoeraz jakitun, eta herritarren eskaerak eta proposamenak ikusteko asmoarekin, ekainaren 7rako bilera irekia deitu zuen Udalak. "Han azaldu zen gisan, autobusa pasatzeko bi ibilbideak teknikoki egokiak dira, eta herritarren artean kontsentsu nahikorik ezean, ohiko geltokia, hau da Sanjuandegikoa, mantentzearen alde egin du Udalak", adierazi du erakundeak. Hala,"bide horretan, zerbitzu publikoa Sanjuandegi bezalako auzo handi batera iristea lehenetsi" du Udalak. "Hala ere, parte hartzerako ordenantzak arautzen dituen pausoen bidez proposamenak egin ahalko dira", gaineratu du.

Joan den ekainaren 22an, Udal teknikoak, Lurraldebusekoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikoak zubiaren eremura joan ziren autobusaren ibilbide berria ikusteko eta aztertzeko. Udalak jakinarazi duenez, "han ikusitakoaren arabera, hurrengo egunean, ibilbidearen alternatiba berri bat eta horretarako egokitzapenak" egiteko proposamena bidali zion Gipuzkoako Foru Aldundiko Garraio Ikuskaritzak Udalari. Hark esan duenez, "alternatiba horren arabera, autobusen zein trafikoaren noranzkoan aldaketak egin behar ziren, eta Udala saiatu zen alternatiba desberdinak aztertzen horrelakorik egin beharrik ez izateko", Baina azkenean Azpeitiko Udalak Aldundiaren proposamena aintzat hartu zuen ekainaren 28an.

"Uztailaren 6an, Etxebeltz Izarrako bizilagunen zenbait ordezkariri jakinarazi genien trafikoaren probak egin ostean, Lurraldebusek hainbat egokitzapen egiteko eskatu zituela, eta horiek egiten hasiko zirela", azaldu du Udalak. Atzo, uztailaren 13an, Lurraldebuseko teknikariak auzoan izan ziren, egindako egokitzapenak ikusten, etabjakinarazi dutenez, "arazorik ezean", Udalak zein Lurraldebusek gaur bertan jakinaraziko diote Gipuzkoako Foru Aldundiari autobusentzako ibilbidea prest dagoela.