Festa giroa eta aldarria, Gaztetxearen dozena urteak ospatzeko

Uztarria.eus 2017ko uzt. 17a, 14:18

Hamabi urte bete ditu Azpeitiko Gaztetxeak, eta hori ospatzeko hamaika arrazoi zituztela eta, egun osoko jaia zuten prestatuta zapaturako, uztailaren 15erako. Urtemugaren ospakizunean tradizio bihurtu den baltsa erakusketarekin eta jaitsierarekin eman zioten hasiera egunari, eta ehunka herritar hurbildu zen Urola ibaiaren ertzetara, ikuskizunaz gozatzeko. Berdura plazako zubipean, Enparangoa eta estaziokoa gaindituta, Damasoneko zubian amaitu zuten jaitsiera, eta behin helmugara iritsita taldeko argazkia atera zuten han. Ondoren, indarrak berreskuratzeko bazkaria egin zuten berrehun bat lagunek gaztetxean. Kanturako tartea hartu zuten bazkalostean, eta baita baltsa sarituari Gaztetxearen arrauna emateko ere. Aurtengoan Noe eta haren animalien baltsak eraman du arrauna. 

Arratsaldean, Gaztetxeko karroa atera eta Alde Zaharreko txoko ezberdinetan jolasak egin zituzten, festa giroan. Behin nahikoa jolastuta eta bustita, Gaztetxera itzuli ziren karroaren bueltan bildu ziren lagunak. Han, luntxa egin ostean, Gazteak Kalean eta Altsasukoak Aske mugimenduekin elkartasunean argazkia atera zuten dozenaka gaztek. Kontzertuekin jarraitu zuen festak, eta oholtzara igotzen aurrenak Azpeitiko eta Zestoako Verrater taldeko musikariak izan ziren. Akerjenbe Sound Sistema arduratu zen festari amaiera emateaz, gaztetxean bildutako ehundik gora lagunak dantzan jarrita. Hala, dantzan, eman zioten amaiera Gaztetxearen dozena urteari, hurrengo urtera arte.