Baltsa jaitsiera jendetsu eta umoretsuarekin hasi dira Gaztetxearen ospakizunak

Uztarria.eus 2017ko uzt. 15a, 15:24

Azpeitiko Gaztetxea gaur ari da ospatzen bere 12. urteurrena eta, urtero legez, baltsa jaitsierarekin hasi dute eguna. Hamar baltsak parte hartu dute aurtengo hitzorduan eta, ohi bezala, jendetza elkartu da Urola ibaiaren ertzetan, baltsazaleen ikuskizunaz gozatzeko.

Noe eta haren animaliak, Fidel Castro 'berpiztua', txomingeroak, piratak, Aizpurutxoko hondakin ontziak... Denetarik egon da 11:30etik aurrera plazan elkartu diren baltsen artean. Baltsa erakusketaren ondoren eta uretara abiatu aurretik, hamaiketakoa egiteko tartea hartu dute parte-hartzaileek. Eta, liseriketa egiteko betarik gabe baina indartuta elkartu dira handik gutxira Berdura plazako zubipean, Enparangoa eta estaziokoa gaindituta, Damasoneko zubian amaitu behar zuten jaitsierari ekiteko.

Parte-hartzaileen arteko ur-gerrak, txantxak eta umore ona nagusi izan dira, ikuslez beteta egon den ibilbide osoan. Uretako guardia zibiliak ere ez dira falta izan, ibaian han eta hemen kontrolak jarrita.

Egitaraua

Baltsa jaitsierarekin motoreak ondo berotuta, gauera arte luzatuko da Gaztetxearen urteurreneko festa eguna. Hona hemen, egitaraua:

14:30. Bazkaria

17:00. Kalejira, jolasekin.

20:30. Argazki erraldoia Gaztetxean, Gazteak Kalean eta Altsasukoak Aske mugimenduekin elkartasunean.

21:00. Luntxa.

22:30. Kontzertuak: Akerjenbe Sound Sistema eta Verrater.