Izarraizko Atea, parez pare irekita

Uztarria.eus | Hirigintza | Argazki galeria
2017-07-05 14:28

Gaur eguerdian inauguratu dute Izarraizko Atea parkea, azpeitiarrek Loiolako etorbidetik gertu aisialdirako izango duten berdegune berria. Esklabetako eraikinaren eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriren artean, Jesus eta Maria komentuaren atzekaldean, 18.000 metro karratuko eremuan eraiki du Udalak parke berria, bere jabetzako lurretan. Urte hasieran aurkeztu zuten proiektua, eta gaurtik aurrera herritar guztien eskura da gune berria. Eneko Etxeberria alkateak, Josu Labaka eta Leire Goenaga zinegotziek eta Iñigo Segurola paisajistak parte hartu dute ekitaldian; eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriko udalekuetako umeak izan dira parke berrian gozatua hartu duten aurrenak.

Belardiak, zuhaitzak eta ura dira parke berriko osagai nagusiak. Berdegune zabalaren eta bidezidorren artean, zabalgune nagusiaren tontorrean, zorutik ateratzen diren ur txorrotekin hornitutako gunea du parkeak, inguruan eserlekuak dituela; parkearen disenuaren ardura izan duen Iñigo Segurolaren hitzetan, hori da parkeko "plaza, topagune nagusia". Hortik behera, harriz, landarez eta hondarrez inguratutako urmaela; uraren gehienezko sakonera 50 zentimetrokoa da bertan, "segurtasun arrazoiengatik". Pare horretan Izarraiztik jaisten den errekatxoaren urarekin hornituko da urmaela urte sasoi gehienetan; udan, aldiz, gaurko egunez bezala, lehortuta egoten da sarri errekatxoa eta, horregatik, urmaela beteta mantentzeko uraren birzirkulazio sistema bat jarri dute, punpa bidez, ura urmaeletik errekatxo hasieraraino eta handik berriro beheruntz ibil dadin. "Lekuan zegoen baliabide nagusi bati, urari, etekina atera zaio", azaldu du Segurolak; Izarraitz "ur biltegi erraldoia" dela ekarri du gogora Eneko Etxeberria alkateak.

Urarekin egin duten bezala, inguruak eskaintzen dituen gainerako elementu naturalekin integratuta, "eta Izarraitzen erabateko presentziarekin" osatu nahi izan dute parkea, Segurolak adierazi duenez. "Urmaela egiteko ateratako lurrarekin tontor batzuk egin dira, eta tontor horietan landatu dira pagoak. Uraren ardatzean, berriz, sahats negartiak landatu dira, 28, guztira". Berdegunean barreiatuta, berriz, astigarrak ere landatu dituzte.

Parkearen izenak adierazten duen bezala, Izarraitz aldera igotzeko atea ere bada gune berria. Mendialdera zegoen penditza leundu egin dute, oinez edo bizikletaz erosoago ibiltzeko bidezidorrak sortuz, parkearen goikaldera zein handik gora Izarraitz aldera joan nahi dutenentzat.

Segurola oso gustura azaldu da egindako lanaren emaitzarekin, "benetan gune ikusgarria" sortu dela esan du. Labakak, bere aldetik, baliabide naturalen "erabilera jasangarria" nabarmendu du, parke berriaren helburua natur ingurunearekiko "sentsibilizazioa" lantzea ere badela azpimarratuta.

Ikusi argazki guztiak haundiago

 
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa