Izarraizko Atea parkea egingo dute Esklaben eta Olazko baselizaren artean

Urola Kostako Hitza 2017ko urt. 12a, 16:57
Etxeberria, Segurola eta Labaka parkea egingo duten gunean. (Julene Frantzesena)

Datozen asteetan hasiko dituzte parkea eraikitzeko lanak, eta uda hastean bukatzea aurreikusten dute. Hainbat gune izango ditu 18.000 metro karratu inguruko aisialdi guneak.

Datozen asteetan hasiko dituzte Esklabetako elizaren eta Olazko baselizaren arteko lur eremuan parkea eraikitzeko lanak. Izarraizko Atea izeneko parkeak 18.000 metro kuadro izango ditu, eta hainbat gune egokituko dituzte bertan. Ikastolaren ondoko baratzeak parkean txertatuko dituzte eta, gainera, putzua, jolastokia, paseoa, ur txorroak, hondar gunea, erabilera anitzeko zelaia eta fruta arbolen saila izango ditu. Beste hainbat zuhaitz ere jarriko dituzte, hala nola zume negartiak, pagoak eta haritzak. "Uda sasoian aisialdirako eremu indartsua" izango dela adierazi du Iñigo Segurola paisajistak.

Lanak uda hasierarako amaitzea aurreikusten du udalak, eta 180.000 euroko aurrekontua du proiektuak. Lur Paisajistak enpresak garatu du proiektua, eta lanak Kimu Batek egingo ditu. Segurolak dio parkeak "kokapen interesgarria" duela, eta landa eremuak mantentzearen garrantziaz ohartarazi du. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak ere ildo beretik hitz egin du: "Inguru osoa etxez bete da, eta eremu hau babestu nahi dugu". Josu Labaka zinegotziak ere "balio handiko eremua" dela esan du. "Tentazio handiak egon dira eremu hau ere etxez betetzeko, baina uste dugu balio handiko eremua dela eta erabilera publikoa izan behar duela. Landa eremua eta eremu urbanoa lotuko dira bertan; izan ere, Izarraitzera sar daiteke parke honetatik".

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitza-ren webgunean.