Astigarraga Kit Line enpresako langilearen heriotza salatzeko, elkarretaratzea egin dute lantokiaren aurrean

Uztarria.eus 2017ko uzt. 4a, 14:51

Azpeitiko Astigarraga Kit Line enpresan atzo langile baten heriotza eragin zuen istripua salatzeko, elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek Urrestillako Olalde industriagunean dagoen lantegiaren atarian. Han izan dira, besteak beste, hildakoaren lankideak, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak, beste enpresa batzuetako beharginak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Josu Labaka zinegotzia.

LABeko ordezkari batek adierazpenak egin ditu elkarretaratzearen ostean, eta hark salatu du lan istripuak "arazo estrukturala" direla. Gainera, elkartasuna adierazi die hildako beharginaren gertukoei, eta gogorarazi du atzo bi langile hil zirela Euskal Herrian –Bediako Forvasa enpresan hil zen beste langile bat atzo–. Hona hemen, LABeko ordezkariaren adierazpenak bideoan:

Enpresa Batzordeak deituta, 24 orduko lanuztea egiten ari dira hango beharginak. Era berean, Azpeitiko zazpi eragilek deituta — LAB, ELA, EH Bildu, Gaztetxie, CNT, Ernai eta Elkar-ekin –, elkarretaratzea egingo dute arratsaldean, 19:00etan. Prekarietatea hiltzailea, lan istripurik ez lelopean elkartuko dira plazan, eta herritarrei protestara bertaratzeko deia egin die. 

Atzo eguerdian gertatu zen ezbeharra, Urrestillako Olalde industriagunean dagoen enpresan. Produktuak ontziratzeko makina batean harrapatuta geratu zen behargina, eta bertan hil zen. Jaiotzez azkoitiarra, 51 urte zituen Azpeitiko bizilagunak. Enpresak ikerketa abiatu du istripua argitzeko.