Atzo jazotako lan istripua salatzeko kontzentrazioa deitu du hainbat eragilek arratsalderako

Uztarria.eus 2017ko uzt. 4a, 11:00

LABek, ELAk, EH Bilduk, Gaztetxiek, CNTk, Ernaik eta Elkar-ekinek deitu dute Astigarraga Kit Line enpresako lan istripua salatzeko elkarretaratzea. Plazan egingo dute kontzentrazioa, 19:00etan hasita. Enpresa Batzordeak 24 orduko lan uztea egingo du gaur, eta kontzentrazioa deitu du 12:00etarako, lan istrupua jazo zen lantokiaren atarian.

Atzo, uztailak 3, Urrestillako Olalde industriaguneko Astigarraga Kit Line enpresan gertatutako lan istripua salatzeko elkarretaratzea deitu dute Azpeitiko zazpi eragilek gaur arratsalderako. LAB, ELA, EH Bildu, Gaztetxie, CNT, Ernai eta Elkar-ekin dira protestaren deitzaileak, eta herritarrei bertaratzeko eta gertatutako salatzeko deia egin diete. Prekarietatea hiltzailea, lan istripurik ez lelopean egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan hasita, plazan. 

Ertzaintzak atzo jakinarazi zuenez, 14:50ak aldean jazo zen ezbeharra. Produktuak ontziratzeko makina batean harrapatuta gelditu zen Azpeitian bizi zen 51 urteko behargina. Larrialdi zerbitzuak bertaratu ziren istripuaren lekura, baina gizona lantegian hil zen. 

Enpresa Batzordeak, bere aldetik, 24 orduko lan uztea deitu du gaurko. Horrez gain, elkarretaratzea egingo dute enpresaren atarian, 12:00etan. Enpresak esan du ikerketa abiatuko duela gertatutakoa argitzeko.

Arratsaldeko kontzentrazioa deitu duten eragileek oharra atera dute atzo jazotakoak eta lan istripuz hildako herritarraren heriotza salatzeko. Azpimarratu dute "langileak lanean hiltzea kapitalismoaren adierazpen gordinenetako bat" dela. Era berean, esan dute Azpeitian zein Bedian gertatutakoak – Forjas Unidas Vascas enpresako langile bat hil zen, lanean ari zela buruan kolpea jasota– ez zirela izan "zoriaren ondorio". Haiek salatu dute "etenik gabeko irabaziak bilatzen dituztenek, prekarietate egoera latzak" ezarri dituztela langileen bizkar gainean; hau da, "lanaldi luzeak, presioak, baldintzetan etengabeko murrizketak, mehatxuak eta kaleratzeak".

Istripua izan eta gutxira hasi ziren erakundeak, sindikatuak eta alderdi politikoak hildakoaren senideei elkartasun mezuak bidaltzen sare sozialetan. 

Honako hau da eragileek argitaratu duten oharra, osorik:

"Ezer baino lehen, mobilizazio hau deitu dugun eragileok gure elkartasun eta hurbiltasun guztia eskaini nahi diegu atzo Azpeitian eta Arratian hil ziren bi langileen senide, lagun eta lankide guztiei.

Lanean edo lanera bidean zirela zazpi pertsonek galdu dute bizitza gure eskualdean 2017. urtea hasi denez geroztik. Hego Euskal Herrian berriz 34 izan dira lan istripuetan hil diren herritarrak.

Egiturazkoa den arazo baten aurrean gaude. Heriotza hauek ez dira zoriaren ondorio.

Etenik gabeko irabaziak bilatzen dituztenek prekarietate egoera latzak ezarri dituzte langileen bizkar gainean. Lanaldi luzeak, presioak, baldintzetan etengabeko murrizketak, mehatxuak eta kaleratzeak.

Langileak lanean hiltzea kapitalismoaren adierazpen gordinenetako bat da. Kapitala bizitzaren gainetik jartzearen ondorioa hain zuzen ere.

Hauxe da Azpeitian eta Arratian egunotan bizitzen ari garen errealitate latza, bi langileren heriotza.

Egoera guzti horien arduradun diren erakunde publiko eta enpresaburuei nahikoa dela esan nahi diegu. Herritarrok duintasunez bizitzeko lan egin nahi dugu, ez inoren menpeko lanetan hiltzeko.

Jakitun gara arduradunek ez dutela berez jarreraz aldatuko. Honela, gertaera hauen aurrean herritarrak kalera atera eta mobilizatzea beharrezkoa dela pentsatzen dugu.

Zentzu honetan, dei egin nahi diegu azpeitiar guztiei gaur, asteartea, 19:00etan plazan izango den kontzentrazioan parte har dezaten".