Herriartekoaren finalerdietan dena emateko prest dago Azpeitia

Uztarria.eus 2017ko eka. 15a, 20:19
Joan den astean Azkoitian jokatutako partidako irudia.

Bihar, ostirala, jokatuko dituzte Ilunpeko pilotariek finalerdietako joaneko partidak Frontoi Txikian, 22:00etan hasita. Markel Etxaniz berriro itzuliko da txapelketara, eta senior mailan arituko da Daniel Murgiondorekin batera. Azpeitiak Ataun izango du aurkari. Goierrikoak gogoz eta itxaropentsu daude, eta horregatik dei egin diete beren zaleei Azpeitira etor daitezen.

Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa aurrera doa, eta gero eta gertuagu dago finalaren data, uztailaren 1a. Baina finalera iritsi ahal izateko beste bi hitzordu garrantzitsu dituzte aurretik Azpeitiko pilotariek. Aurrena biharkoa: finalerdietako joaneko partidak, Ataunen aurka, etxean.

Ilunpe Pilota Elkarteko pilotariek Ataun hartuko dute biharkoan Frontoi Txikian, 22:00etan hasita. Kadete mailan, Unai Alberdik eta Mikel Unanuek ordezkatuko dute Azpeitia; jubenil mailan, Gorka Iriartek eta Jon Alberdik; eta seniorretan Markel Etxanizek eta Daniel Murgiondok. Etxanizek min hartu zuen Tolosaren aurka jokatutako final zortzirenetako joaneko partidan. Geroztik, lesioa osatu artean, ez du neurketarik jokatu Ilunpeko seniorrak, baina biharko partidan berriro murgilduko da txapelketan. 

Aurkaria, gogoz 

Ataun duela bederatzi urte iritsi zen azkenekoz Herriarteko Pilota Txapelketako finalerdietara, eta aurtengoan Azpeitiari aurre hartzeko gogoz daude. Hala, ataundarrek bideo bat kaleratu dute, beren zaleak txapelketaren giroan murgiltzeko eta Azpeitira hurbiltzera animatzeko. Bertan diotenez, "orain arteko norgehiagokarik zailena" izango da biharkoa, baina hala ere itxaropentsu daude:"Azpeitiarrak lehiakide gogorrak izango dira, baina gure aukeretan sinesten dugu". Horregatik, autobusa antolatu dute biharko, eta dozenaka lagun hurbilduko dira Ataundik Frontoi Txikira. 

Honako hau da ataundarrek egin duten bideoa: 

Final laurdenetan Azkoitiari 5-1 irabazi ostean lortu zuen Azpeitiak finalerdietarako txartela. Joanekoan 3-0 nagusitu ziren azpeitiarrak. Itzulerakoan, aldiz, gehiago kostatuta zitzaien garaipena erdiestea, baina azkenean 2 eta 1eko emaitzarekin itzuli ziren Azpeitira