Berrikuntzekin dator Sarek antolatutako Salatzen Dut Eguna

Uztarria.eus 2017ko mai. 17a, 14:36
Iazko presoen eskubideen aldeko Hartu Trena Eguneko irudia.

Urtero bezala, goizetik hasi eta gauera arteko egitaraua antolatu du Azpeitiko Sarek zapaturako. Prestatu dituzten berrikuntzen artean daude adin guztietako herritarrei zuzendutako zumba dantza saioa, paella txapelketa eta manifestazioaren osteko "polka erraldoia". Salatzen Dut Hilabetearen barruan antolatu dute aldarria eta festa uztartuko dituen eguna. 

Beste urte batez, presoen eskubideen aldeko Salatzen Dut Eguna ospatuko du Azpeitiko Sarek zapatuan, maiatzaren 20an. Azken urteetan egin bezala, egun osorako ekintzak prestatu dituzte zapaturako, baina aurtengoan berrikuntzekin josi dute egitaraua. 

Aldarria eta festa uztartuko diren eguna kros herrikoiarekin hasiko dute. Lasterketa 11:00etan hasiko da, plazatik. Izen-ematea zabalik dago oraindik kirolprobak.com webgunean zein Orkatz Kultur Elkartean, udal igerilekuan eta Aitzaki zein Aradi kirol dendetan. Azkoitian, aldiz, elkargunean egin daiteke izen-ematea. Kros herrikoian parte hartzen duten lagunek hamaiketakoa jasoko dute probaren ostean, eta dutxatzeko aukera ere izango dute Izarraitz pilotalekuan. 

Ondoren, adin guztietako herritarrei zuzendutako zumba dantza saioa egingo dute aurrenekoz, plazan, 12:00etan hasita. Saltsa gehien sortuko duen ekimenetako bat paella txapelketa izango delakoan daude Sareko kideak. Guztira, 18 bikotek eman dute izena estreinakoz egingo den txapelketan, eta horiek 13:00etan dute hitzordua, plazan. Ondoren, 14:30ak aldera, bazkaria izango da Frontoi Txikian. Sarrerak salgai daude Orkatzen eta Sanagustinen.

18:00etan manifestazioa egingo dute plazatik abiatuta, eta ondorengorako "polka erraldoia" antolatu du Sarek. Erraldoia izan dadin herritarren parte hartzea behar dute, ordea, eta horregatik dei egin diete adin guztietako herritarrei bertan parte har dezaten. Horren harira, bideo tutorial bat prestatu dute, polka nola dantzatu ez dakitenek ikas dezaten. Horrez gain, hainbat bideo grabatu dituzte, "giroa berotzen" joateko. Bideo horietako bat joan den zapatuan, hilaren 13an, grabatu zuten, Orkatzen. Zapatuan egingo duten polka Tximeleta erromer¡ak girotuko du, eta ondoren beste hainbat kantu joko dituzte. 

Gauean, aldiz, kontzertuak izango dira. Azpeitiko Fridays Crew taldea eta Tximeleta izango dira aurtengoan presoen eskubideen alde oholtzara igoko diren taldeak.

Honakoa da zapaturako antolatu duten egitaraua, osorik:

11:00etan: Kros herrikoia, plazatik abiatuta. Ondoren, hamaiketakoa.

12:00etan: Zumbatoi familiarra, plazan.

13:00etan: Paella txapelketa, plazan.

14:30ean: Bazkaria, Frontoi Txikian (Umeentzat menua ere egongo da).

Bazkalostean, umeentzako gunea: Ekain Txou, jolasak, margoketak, malabareak...

17:00etan: Trikitilariak.

18:00etan: Manifestazioa, plazatik. Amaieran, polka erraldoia eta Tximeleta taldearen erromeria.

22:30ean, kontzertuak, plazan: Fridays Crew eta Tximeleta.

Salatzen Dut Hilabetea, amaitzear

Azpeitiko Sarek joan den apirilean eman zion hasiera Salatzen Dut Egunari, Su ta Gar taldearen kontzertuarekin. Horren ostean, hainbat eta hainbat ekintza antolatu dituzte, presoen eskubideen gaia herriratzea xede. Zapatuko Salatzen Dut Eguna hilabete osorako prestatutako egitarauaren barruan dago, baina ez da azken hitzordua izango. Izan ere, maiatzaren 26rako kantu afaria antolatu dute, Salatzen Dut Hilabeteari amaiera emateko. Hilabeteko azken ostirala izango denez, elkarretaratzea egingo dute hilero egin bezala, plazan. Kantu afaria, aldiz, Baigera I-en izango da, 21:00etan hasita.