80 lagun inguruk hartu dute parte Herri Hezitzailea jardunaldietan gaur, Sanagustinen

Uztarria.eus | Hezkuntza | Argazki galeria
2017-05-06 13:47

Herri Hezitzailea jardunaldiak izan dira gaur, zapatua, Sanagustin kulturgunean. Topaketak 09:00etan hasi dituzte, eta 12:30ak aldera arte luzatu dira, eta herriko hainbat eragilek euren esperientziak azaldu dituzte solasaldi laburretan. Guztira, 80 lagun inguruk hartu dute parte saioetan. Azpeitiko hezkuntza formaleko (ikastetxeak) eta hezkuntza ez formaleko (ludotekak, gaztelekua, kirola, kultura) eragileek zein Udalak antolatu dituzte jardunaldiak, eta horien helburua da "hezkuntza eredu euskalduna, parte-hartzailea, aktiboa, berdintasunean oinarritutakoa eta ingurumen natulara zein kulturala errespetatzen dituena" lortzera bidean pausoak ematen hastea.

Lorea Agirre, Jakin aldizkariko zuzendaria eta OinHerriko kidea, izan da hitza hartzen aurrena, eta Haurren asisialdi, parte hartzailea, euskalduna, hezitzailea, eta herritarra garatzen saioa eskaini du. Ondoren, Azpeitiko Udaleko zinegotzi Leire Goenagak Herritarron Udala aurkeztu du. Gaurko jardunaldietan herriko ikastetxeek ere hartu dute hitza. Ikasberri Azpeitiko Ikastolako irakasle Miren Lazkanok eta Gorka Besgak Azpeitiko Ikastolako haur hezkuntzarako Kimu proiektua aurkeztu dute; Iraurgi Ikastetxeko Maje Agirre zuzendariak, Pablo Soraluze Start Now egitasmoaren arduradunak eta hainbat ikaslek, berriz, Start Now proiektua izan dute hizpide. Karmelo Etxegarai Azpeitiko Ikastolako aholkulari Mikel Olaizola, aldiz, Haur Hezkuntzako jolastokiaren eraldaketa prozesua auzolanean proiektuaren inguruan solastu da. Jauzika Heziketa Elkarteko Alex Altolagirre eta Aiora Elorza hezitzaileek ere hartu dute hitza, Aisialdi parte hartzailea jardunaldia eskaintzeko. Kultur Mahaiko teknikari Izaro Zinkunegi Dinamoa, sormen gune herritarra saioaren inguruan aritu da. Eta Azoka Herritik ekimeneko kide Enok Sudupek eta Udaleko zinegotzi Josu Labakak Baloreen azoka eta azoka plaza berriaren agenda dinamizazioaren proiektua aurkeztu dute. Jardunaldiei bukaera Marea Arroxako kide Ane Reyk, Miren Azpillagak eta Maialen Etxanizek eman die, Festak herritik eraikitzen saioarekin.

Jardunaldien ostean, talde txikietan bildu dira eta kafe tertulia egin dute, iritziak eta ondorioak partekatzeko. Guztira 50 lagun inguruk hartu dute parte topaketetan.

Jarraian, Herri Hezitzailea jardunaldietako hainbat irudi: (Argazkiak: Uztarria eta Azpeitiko Udala)

Ikusi argazki guztiak haundiago

 
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa