Herritik hezten jarraitzeko, Herri Hezitzailea jardunaldiak egingo dituzte maiatzaren 6an

Uztarria.eus 2017ko api. 25a, 13:31
Herri Hezitzailea jardunaldiak aurkeztu zituzten atzo, astelehena, herriko hainbat eragilek.

"Hezkuntza eredu euskalduna, parte-hartzailea, aktiboa, berdintasunean oinarritutakoa eta ingurumen natulara zein kulturala errespetatzen dituena" lortzera bidean antolatu dituzte jardunaldiak. Besteak beste, Udalak eta herriko hezkuntza formaleko eta ez formaleko eragileek prestatu dute maiatzaren 6ko egitasmoa, elkarlanean. 

"Herri bezala nola ari gara hezten? Nola nahi dugu hezi? Nolako herria nahi dugu?" galdera horiei elkarlanean erantzuteko antolatu dituzte, besteak beste, Herri Hezitzaileak jardunaldiak maiatzaren 6rako. Hezkuntza formaleko (ikastetxeak) eta hezkuntza ez formaleko (ludotekak, gaztelekua,kirola, kultura) eragileek zein Udalak antolatu dituzte jardunaldiak, elkarlanean.

Egungo gizarteak "heziketaren ardura familiengan eta ikastetxeengan" uzten duela esan du Leire Goenaga zinegotziak, baina horiez gain hezkuntzaren ardura herri osoarena ere badela azpimarratu du: "Egunero ari gara ingurua hezten, eta inguruko jardunak ere gu hezten gaitu". Horregatik azpimarratu du herri hezitzailea izatearen garrantzia. 

Leire Goenaga zinegotziak azaldu duenez, helburua da "hezkuntza eredu euskalduna, parte-hartzailea, aktiboa, berdintasunean oinarritutakoa eta ingurumen natulara zein kulturala errespetatzen dituena" martxan jartzea. "Azpeitia herri hezitzailea izan dadin, herriko hezkuntzako eragileak eta herrigintza osatzen duten hainbat elkarte eta eragiletako kideak, berdintasunezko harremanen bitartez elkarlanean jarri nahi ditugu", esan du Goenagak. Hala, herri hezitzaileen hezkuntza proiektua hiru zutabetan oinarrituko da: Hezkuntza, Herrigintza eta Udala.

Azpeitian, "herri hezitzailearen etiketa erabili gabe", filosofia horrekin bat egiten duten mugimendu, dinamika eta ekintza "ugari" daudela eta egiten direla esan du Goenagak. Horregatik, herri hezitzailea dinamika horiekin guztiekin "testuinguru edota marko global komuna emateko aukera" dela azpimarratu du. Horren harira antolatu dituzte maiatzaren 6ko jardunaldiak, "Azpeitia herri hezitzailearen filosofian nola txerta daitekeen erabakitzen hasteko". Egun horretan herriko hainbat eragilek euren esperientziak azalduko dituzte solasadi laburretan. Sanagustin kulturgunean izango dira jardunaldiak, 09:00etan hasita.

Maite Azpiazu arduratu da Herri Hezitzaileak jardunaldiak koordinatzeaz, eta hark esan duenez "herri hezitzailea filosofia aldaketa da, egiteko moduak birpentsarazi nahi dizkigun mugimendua". 

Izen-ematea, aurrez

Maiatzaren 6ko jardunaldietan interesa duen edonork har dezake parte, baina izena aurrez eman behar da maiatzaren 4a baino lehen herrihezitzailea@azpeitia.eus helbidera idatzita, edota 943-15 71 60 telefonora deituta. Antolatzaileek "proiektu hau eraikitzen hasteko gogoa eta ilusioa duten herritar guztiei" jardunaldietan parte hartzeko dei egin diete.

Honakoa da maiatzaren 6rako prestatu duten egitaraua: 

9:00etan: Harrera eta material banaketa. 

9:15ean: Ongietorria eta jardunaldien aurkezpena. 

9:30ean: Haurren asisialdi, parte hartzailea, euskalduna, hezitzailea, eta herritarra garatzen  Lorea Agirre, Jakin aldizkariko zuzendaria eta OinHerriko kidea 

10:00etam: Herritarron Udala Azpeitiko Udala.  

10:15ean: Aisialdi parte hartzailea Jauzika Heziketa Elkartea.  

10:30ean: Azpeitiko Ikastolako haur hezkuntzarako Kimu proiektua Ikasberri Azpeitiko Ikastola. 

11:45ean: Dinamoa, sormen gune herritarra Azpeitiko Kultur Mahaia. 

11:00etan: Start Now Iraurgi Ikastetxea. 

11:15ean: Baloreen azoka Azoka Herritik ekimena eta azoka plaza berriaren agenda dinamizazioaren proiektua

11:30ean: Haur Hezkuntzako jolastokiaren eraldaketa prozesua auzolanean Karmelo Etxegarai Azpeitiko Ikastola.  

11:45ean: Auzolanaren kultura Xj auzolanean. 

12:00etan: Kafe tertulia 

Herri hezitzaileen inguruko erreportajea kaleratu zuen Uztarriak 193. zenbakian