Gizarte bazterkeria lur azpian baina begi-bistan

Uztarria.eus 2017ko mai. 5a, 21:43

Soreasuko lur azpiko aparkalekuk ez ohiko itxura du egunotan. Aurrez Donostian edota Irunen egin bezala, Aparkatu zure axolagabetasuna erakusketa berezia jarri du bertan 50. urteurrena ospatzen ari den Gipuzkoako Caritasek. Pobreziaren eta bestelako arazo pertsonalen eraginez gizarte bazterkeria pairatzen duten "pertsona asko" daudela nabarmendu nahi du Caritasek, eta horrelakoen aurrean "beste alde batera ez begiratzera" deitu gizartea.

Gizarte bazterkeriaren hainbat adibide irudikatzen duten instalazioak jarri dituzte Soreasun, lur azpiko parking-aren zenbait aparkaleku erabilita. Maiatzaren 14a arte egongo da erakusketa Azpeitian, eta atzo bisita gidatu batekin azaldu zituzten egitasmoaren helburuak (argazkietan). Bisita gidaturako, erakusketak egunerokoan izango ez dituen elementu gehiagorekin 'jantzi' zuten aparkalekua; besteak beste, bideo bat aurkeztu zuten, Caritasek gizarte bazterkeriari aurre egiteko martxan dituen zerbitzuak, baliabideak eta egitasmoak azaltzeko.