'Aparkatu zure axolagabetasuna' erakusketa ezagutzeko bisita gidatua izango da bihar

Uztarria.eus 2017ko mai. 3a, 19:03
Caritasek Soreasuko aparkalekuan jarri duen erakusketaren elementuetako bat.

Soreasuko lur azpiko aparkalekuan jarri du erakusketa Caritas Gipuzkoak. Herritarrak zein erakundeetako ordezkariak gonbidatu dituzte biharko hitzordura, 19:00etan, parking-eko ibilgailuentzako sarreraren ondoan.

Gaur Soreasuko lur azpiko aparkalekura sartu direnek galdera bera izan dute buru-ezpainetan: Zer da hau? Ibilgailuentzat izaten diren hainbat gune okupatuta ikusi dituzte, hainbat elementu eta mezuren uztarketarekin okupatuta.

Caritas Gipuzkoak antolatu duen erakusketa da Soreasuko erabiltzaileek ikusi dutena. Aparkatu zure axolagabetasuna izenburua du "gizarte bazterkeriarekin zerikusia duten egoerak era ezberdin batean" azaleratzeko asmoz antolatu duten erakusketak. Maiatzaren 14a arte egongo da ikusgai Soreasun, baina erakusketaren arrazoiak, helburuak eta nondik norakoak hobeto ezagutu nahi dituztenek bihar, osteguna, izango dute horretarako aukera. Bisita gidatua prestatu du Caritasek, eta herritarrak zein erakundeetako ordezkariak gonbidatu dituzte biharko hitzordura. 19:00etan izango da, parking-eko ibilgailuentzako sarreraren ondoan.