Erniarraitz 1 taldeak maiatzaren 6an jokatuko du Gipuzkoako Herriartekoaren finalaurrekoa, Alegian

Uztarria.eus 2017ko api. 12a, 17:38

Karidadeko Benta taldea izango du parez pare Erniarraitzeko taldeak. Alegiko pilotalekuan jokatuko dute kanporaketa, 17:30ean hasita. Finalerdietarako sarrerak salgai daude dagoeneko. 

Maiatzaren 6an jokatuko du Erniarraitz 1 taldeak Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren finalaurrekoa, Karidadeko Benta taldearen aurka. Txapelketaren aurreneko eta bigarrengo fasean ez bezala, formatu handiagoan, frontoietan, jokatuko dira herriartekoko bi finalerdiak. Hala, Erniarraitzeko taldeak Alegiko frontoian jokatuko du kanporaketa, 17:30ean hasita.

Bigarren finalerdia, berriz, Osinalde eta Am...ona taldeek jokatuko dute, maiatzaren 13an, Bergarako pilotalekuan. Bi saioetan puntu gehien lortzen dituen taldeak izango dira maiatzaren 27an Azpeitian jokatuko den finalera salkatuko direnak. Finala 17:30ean jokatuko da Izarraitz pilotalekuan, eta ondoren afaria izango da Sanagustin kulturgunean. 

Dagoeneko salgai daude finalerdietarako, finalerako zein afarirako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian.

Joan den ostiralean lortu zuen Erniarraitz 1 taldeak Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren finalerdietarako txartela, Xenpelar taldeari 13 eta 11 nagusitu ostean. Azkoitiko Tintoreri Elkartean jokatu zuten finalaurdena, eta lehia estuaren ostean Erniarraitz igaro zen finalerdietara.