Gen Verde musika taldearen ikuskizunak harrera beroa izan du Soreasun

Uztarria.eus 2017ko mar. 26a, 22:45

Munduko txoko ezberdinetako 22 emakumek osatzen duten Gen Verde taldeak atzo, 20:00etan, eta gaur, 17:30etan, emanaldi bana eskaini ditu Soreasun, eta bietan jendez bete da antzokia. Kantuaren, musikaren eta koreografien bidez bakea, elkartasuna eta senidetza bezalako baloreak trasmititzea helburu duen On the other side ikuskizunean Gen Verde taldeko kideez gain, oholtza gainera igo dira Iraurgi Ikastetxeko eta Donostiako Larramendi ikastetxeko 100 ikasle inguru. Horretarako aurrez ikasleek hainbat tailer jaso dituzte astean zehar Gen Verde taldeko kideen eskutik, antzerkia, dantza, perkusioa eta kantua lantzeko. Kontzertuak Gen Verderen Start now proiektuaren barruan kokatzen dira.

Donostiako Elizbarrutiko bikarioa den Mikel Aranguren azpeitiar apaizak ireki du ekitaldia, eta eskerrak eman dizkie Soreasura joan diren guztiei Elizbarrutiaren eta Iraurgi Ikastetxearen izenean. Iraurgi ikastetxeak antolatu ditu kontzertuak Azpeitiko Udalaren eta Elizbarrutiaren laguntzarekin, eta kontzertuetan lortutako irabaziak Betharram eraikina berritzera bideratuko dituzte. 

Jarraian, gaurko emanaldiko hainbat irudi. (Argazkiak: Julene Frantzesena / Urola Kostako Hitza)