Kultura ezberdinetako errealitateak oholtzaratuko dituzte asteburuan, 'On the other side' ikuskizunean

Uztarria.eus 2017ko mar. 20a, 15:30
'On the other side' ikuskizuna aurkeztu dute gaur, Iraurgi Ikastetxeko Pablo Soraluzek, Maje Agirrek, Leire Aranburuk, Dayana Mindak, Mikel Zabaletak eta Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak.

Munduko txoko ezberdinetako 22 emakumek osatzen duten Gen Verde taldeak kontzertua eskainiko du asteburuan Soreasu antzokian. Iraurgi ikastetxeko eta Donostiako Larramendi ikastetxeko ikasleek ere hartuko dute parte ikuskizunean, eta horretarako aurrez hainbat tailer egingo dituzte. Kontzertuetan lortutako irabaziak Betharram eraikina berritzera bideratuko dituzte. 

Kantuaren, musikaren eta koreografien bidez, bakea, elkartasuna eta senidetza bezalako baloreak trasmititzea helburu duen Gen Verde taldeak bi kontzertu eskainiko ditu datorren asteburuan, Soreasu antzokian. Zapatuan 20:00etan eskainiko dute emanaldia, igandean, aldiz, 17:30ean. Taldeko kideez gain, oholtza gainera igoko dira Iraurgi Ikastetxeko eta Donostiako Larramendi ikastetxeko 100 ikasle inguru. Kontzertuak Gen Verderen Start now proiektuaren barruan kokatzen dira. 

Start now proiektuaren xedea da bakea, elkartasuna eta senidetza bezalako baloreak trasmititzea gazteen artean. Horretarako, hainbat tailer eskaintzen dituzte hiru egunez, ondoren ikastaro horietan ikasitakoa emanaldi batean txertatzeko. Hori jakitun, Iraurgi Ikastetxea Gen Verderekin jarri zen harremanetan. 

Maje Agirre Iraurgi Ikastetxeko zuzendariak azaldu duenez, azken ikasturteetan aldaketa metodologikoa egiten ari dira ikastetxean, ikasleen artean "adimen anitzak garatzeko asmoarekin". Izan ere, ikasle "kritikoak, lantaldean aritzen dakitenak eta konpometituak" nahi dituztela azpimarratu du Agirrek, eta hori lortzera begira ikastetxean egiten den lanaz gain, ikasleei "beste bizipen batzuk eskaintzea ezinbestekoa" dela uste dute. Bizipen horien barruan kokatzen dute Start Now proiektua. 

Kultura aniztasuna Gen Verde taldearen jatorrian dagoen kontzeptua dela esan du Leire Aranburu Iraurgiko zuzendaritzako kideak, eta kultur aniztasunarekin batera, baita tolerantzia, anaitasuna, konpromisoa eta bakea bezalako baloreak ere. "Horregatik, ikasleek proiektuan parte hartuta, dantza, musika eta artearekin lotura zuzena izango zutela iruditzen zitzaigun, eta balore horietaz aberastu ahal izango zirela", esan du Aranburuk. Hala, esperientziatik "aberastuta irtetea" espero dutela esan du Aranburuk.

Bidaia munduan zehar

Gen Verde Argentina, Txile, Brasil, Ekuador, Panama, Mexiko, Hego Korea, El Salvador, Euskal Herria, Espainia, AEB, Ipar Irlanda, Italia, Malasya eta Portugalgo 22 emakumek osatzen duten taldea da, eta honakoa da euren mezua: "munduak aldaketa behar du eta gu martxan jartzen bagara aldaketa hori egin dezakegu". Modu horretan, "beste aldean dagoenaren begiekin begiratzean aurkitzen den munduaren istorioa" kontatuko dute. 

Taldeak, gainera, "berezitasun" bat duela azpimarratu du Pablo Soraluze Iraurgi Ikastetxeko arduradunak eta ikuskizunaren antolatzaileak. Izan ere, emakume horiek dira, "hasieratik bukaerara", emanaldiaren ardura osoa hartzen dutenak. "Eurak dira alde batetik bestera joateko kamioia hartzen dutenak, estenatokia muntatzen eta desmuntatzen dutenak...", azaldu du Soraluzek. 

Emakume horiez gain, baina, Iraurgiko eta Donostiako Larramendi ikastetxeko DBH3 eta 4 mailetako eta Batxilergoko ikasleek ere hartuko dute parte bi ordu inguru iraungo duen emanaldian. Bertan, pop-rock doinuko 15 kantuk kultura desberdinetako errealitateak islatuko dituzte. 

Gen Verde Espainiako hainbat txokotan izan da Start Now proiektuarekin, eta Euskal Herrian, Azpeitian soilik emango dute aurrera proiektua osorik, tailerrekin eta kontzertuekin.

Hainbat tailer, aurrez

Zuzenekoen aurreko hiru egunetan, asteazkenean, ostegunean eta ostiralean, hainbat tailer egingo dituzte Iraurgi Ikastetxeko ikasleek, antzerkia, dantza, perkusioa eta kantua lantzeko. Soreasu antzokian, Dinamoan, Parrokian, Baigerako hitzaldi aretoan eta Emakumeen Txokoan egingo dituzte eskolak, eta edonork har dezake parte. Ondoren, ikasitakoa asteburuan eskainiko dituzten bi kontzertuetan erakutsiko dute. Horrez gain, kantatuko dituzten abesti gehienen letrak euskarara itzuliko dituzte, eta horien letrak pantailan jarriko dituzte ikusgai. 

Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak  esan du "garrantzitsua" dela herritarrak gaztetatik kultur mugimenduan murgiltzea, eta horregatik "eskerrak" eman dizkio Iraurgi Ikastetxeari ikuskizuna antolatzeagatik.

Hilaren 25eko eta 26ko On the other side kontzertuetarako sarrera 12 euro ordaindu beharko dute 18 urtetik gorakoek. Gainerakoek, aldiz, 8 euro. Kontzertuetan lortutako irabaziak Betharram eraikina berritzera bideratuko dituzte.