65 urte, musikarekin gozatzen

Urola Kostako Hitza 2017ko mar. 1a, 19:20
Mikel Ibarzabal eta Jabier Bergara, Sanagustin kulturgunean egindako omenaldian. (Ihintza Elustondo)

Jabier Bergarak 65 urte egin ditu Azpeitiko Udal Musika Bandan, eta inauterietako kontzertuan omenaldia egin zioten. Oraingoz ez du taldea uzteko inolako asmorik.

"Erraz esaten da 65 urte", dio irribarrea ahoan Jabier Bergarak (Azpeitia, 1940). Ez daki ondo zergatik egin zen Azpeitiko Udal Musika Bandako kide, eta ia oharkabean pasatu zaizkio urteak. San Sebastian egunean 65 urte bete ziren bandakide dela, eta joan den otsailaren 19an omenaldia egin zioten Sanagustin kulturgunean, Udal Musika Bandak Julian Barrenetxea abesbatzako kideekin batera eskaini zuen inauterietako kontzertu berezian.

"Sorpresa handia" izan zen omenaldia Bergararentzat. "Harrituta gelditu nintzen, ez nekien ezer egin behar zidatenik". 2002an beste omenaldi bat egin zieten Joxe Arrutiri eta Bergarari, 50 urte egin zituztelako bandan. Oraingoan, berriz, 65 urte hauetan guztietan egindako lana aitortu nahi izan diote Bergarari, eta Mikel Ibarzabal Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuak oroigarri bat eman zion inauterietako kontzertuan. Aitortzak "ilusio berezia" egin ziola dio.

Errekintoarekin debutatu zuen bandan Bergarak, baina egun bonbardinoa jotzen du. "Urteak dira bonbardinoa jotzen dudala". Festetan, kontzertuetan... ekitaldi guztietan parte hartzen du. Argi dago oraindik ez duela sasoirik galdu: "Oraingoz ez dut antzematen adinak eragiten didanik. Gustura aritzen naiz, eta horrela segitzeko asmoa dut, momentuz, behintzat".

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitza-ren webgunean.