Azpeitiarrek agur esan diote Emakumeen Master Cup-ari

Uztarria.eus 2017ko ots. 20a, 18:56
Oihana Unanue (goian, ezkerretik bigarrena) eta Nagore Aramendi (behean, ezkerretik hirugarrena), finalaurrekoetako taldeko argazkian. (Orain Galdakao)

Elite mailan, Alaitz Badiola eta Maite Iriarte final laurdenetan kanporatuak izan dira. Lehen Mailan, berriz, Nagore Aramendik eta Oihana Unanuek osatutako bikotea finalaren atarian gelditu da.

Esku-pilotako Emakumeen Master Cup-a Azpeitiko ordezkaririk gabe gelditu da. Txapelketaren lehen edizio honetako bi mailak kontuan hartuta, Elite eta Lehen Maila, lau ziren joan den asteburuan lehian aritu ziren azpeitiar pilotariak, final laurdenetan elitekoak eta finalaurrekoetan lehen mailakoak; eta laurak geratu dira txapelketatik kanpo.

Ostiralean, Iruñeko Labriten, Elite mailako final laurdenetako kanporaketak jokatu zituzten Alaitz Badiolak eta Maite Iriartek; azken horrek, Eneritz Arrieta azkoitiarrarekin bikotea osatuz, bezperan lortu zuen Labriterako txartela, Hendaian. Eta, aurkariak estu hartu arren, final laurdenetako partida 16-18 galdu zuten, Agirre-Garai bikotearen kontra. Emaitza argiagoarekin agurtu zen txapelketatik Badiola; Asteasuko Irati Otaegi aurrelariarekin, 18-2 galdu zuen Arrizabalaga-Etxanizen aurka.

Atzo, igandea, Galdakaoko frontoian jokatu zituzten Emakumeen Master Cup-aren bi mailetako finalaurrekoak. Lehen Mailan, Nagore Aramendi eta Oihana Unanue azpeitiarrek ezin izan zuten finalerako txartela eskuratu. Jaione Zulaika eta Nagore Bilbao izan zituzten aurrean azpeitiarrek eta, azkenean, 18-13 galdu zuten finalaurreko neurketa.

Emakumeen Master Cup txapelketaren finalak martxoaren 5ean jokatuko dituzte, Zornotzan. Arrizabalagak eta Etxanizek -Otaegi eta Badiola kanporatu zituen bikoteak- Arozenaren eta Mendizabalen kontra jokatuko dute Elite mailakoa; eta Bergara eta Martinez izango dira Zulaika eta Bilbaoren aurkariak, Lehen Mailakoan.