Oihana Unanuek eta Nagore Aramendik Emakumeen Master Cup-eko finalaurrekoak jokatuko dituzte

Uztarria.eus 2017ko ots. 13a, 18:32
Nagore Aramendi (pilota jotzeko prest) eta Oihana Unanue, gerriko gorriz, final laurdenetako partidan. (Carlos Mediavilla / Goierriko Hitza)

Azpeitiar esku-pilotariek 18-9 gainditu zituzten Lucia Fonseca eta Iratxe Ibarra Zumarragan, Lehen Mailako final laurdenetako kanporaketan. Beste azpeitiar bat, Maddi Unanue, kanporatua izan zen maila berean. Elite mailan, Alaitz Badiolak final laurdenak jokatuko ditu ostiralean.

Esku-pilotako Emakumeen Master Cup txapelketaren lehen edizioan indartsu ari dira azpeitiarrak. Bi mailatan banatuta dago txapelketa, Elite eta Lehen Maila. Bigarren horretan, joan den asteburuan final laurdenetako bi partida jokatu zituzten Zumarragan, eta bietan tartean izan ziren azpeitiarrak. Horrela, Nagore Aramendik eta Oihana Unanuek osatutako bikoteak finalaurrekoetarako txartela eskuratu zuen, Lucia Fonseca eta Iratxe Ibarra 18-9 gaindituta. Beste final laurdenekoan, aldiz, Maddi Unanue azpeitiarra kanporatua izan zen: Naroa Agirre zestoarrarekin bikotea osatuta, 18-14 galdu zuen azpeitiar gazteak, Arrate Bergararen eta Alba Martinezen kontra.

Elite mailan beste bi azpeitiar ari dira lehian. Alaitz Badiola, Asteasuko Irati Otaegirekin, ostiralean Iruñeko Labriten jokatuko diren final laurdenetarako sailkatuta dago. Maite Iriarte, berriz, Patri Espinarrekin ari da jokatzen txapelketa. Espinar min hartuta dago eta oraindik ez dago argi aste honetara atzeratutako final zortzirenetako kanporaketa jokatzeko moduan izango diren.