Ilara luzea osatu da Soreasun 'Go!azen' ikuskizunerako sarrerak erosteko

Uztarria.eus 2017ko ots. 13a, 17:08

Gaur, astelehena, 17:30ean irekiko dute Soreasu antzokiko txarteldegia, hilaren 25ean bertan emango dituzten Go!azen ikuskizunaren bi saioetarako sarrerak saltzeko. 16:00etan hartutako argazki honetan ikus daitekeenez, ilara luzea osatu da Soreasu kanpokaldean, telesail ezagunean oinarritutako antzerki musikalak sortu duen ikusminaren erakusle. Leihatila irekitzeko ordu eta erdi falta zirela, 50etik gora lagun zeuden zain; ilarako aurrenak 14:00etarako inguratu dira Soreasura.

Soreasuko leihatilan ez ezik, kulturaz.eus webgunean ere erosi ahalko dira sarrerak, 17:30etik 19:00etara bitartean soilik. Interneten, guztira 200 sarrera jarriko dituzte salgai, 100 ikuskizun bakoitzerako. Pertsona bakoitzak sei sarrera erosteko aukera izango du gehienez, eta sarrerako sei euro ordaindu beharko dira. Kultur bonoa dutenek, berriz, sarrera bat erdi prezioan erosteko aukera izango dute.