Esteban Orbegozori babesa erakusteko elkarretaratzea egin dute dozenaka ikaslek

Uztarria.eus 2017ko urt. 26a, 12:13

Epaiketa politikorik ez. Esteban libre! lelopean, elkarretaratzea egin dute gaur, osteguna, Azpeitiko dozenaka ikaslek Sanjuandegiko biribilgunean. Azpeitiko Ikasle Abertzaleakek deitu du elkarretaratzea, 2014an Loiolako herri harresian atxilotu zuten Esteban Orbegozo azpeitiarrari babesa erakusteko. 11:30ean epaituko dute Orbegozo Donostiako Lurralde Auzitegian

Azpeitiko Ikasle Abertzaleakek adierazi duenez, "garbi dago epaiketa hau epaiketa politikoa dela, Euskal Herriko gazteriaren mugimendua isilarazi nahi duena". Horregatik, epaiketa hori salatzen dutela adierazi dute, eta "horrelako muntai polizial, epaiketa politiko zein gazteria makurtzeko beste edozein ekintzekin amaitzeko" eskatzen dutela azpimarratu dute.  Horrez gain, 19:00etan plazan egingo den asanblada informatiboan parte hartzeko deia egin dute. 

(Argazkia: Azpeitiko Ikasbe Abertzaleak).