Gaur epaituko dute Loiolako herri harresian atxilotutako Esteban Orbegozo azpeitiarra

Uztarria.eus 2017ko urt. 26a, 11:19

11:30ean hasiko da epaiketa Donostiako Lurralde Auzitegian. Orbegozoz gain, Beñat Hach Embarek ormaiztegiarrak ere deklaratuko du. Libre dinamikak deituta, ordu erdi lehenago elkarretaratzea egingo dute epaitegiaren aurrean. Ordu berean, ikasleek elkarretaratzea egingo dute Sanjuandegiko biribilgunean, eta arratsalderako asanblada informatiboa deitu dute plazan. 

Gaur, urtarrilak 26, epaituko dituzte 2014ko irailaren 22an Loiolako herri harresian atxilotu zituzten Esteban Orbegozo azpeitiarra eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarra, Donostiako Lurralde Auzitegian. Akusazioak 21.292 euroko kalte ordainak eta hiruna urteko espetxe zigorra eskatzen du haientzat, desobedientzia eta autoritatearen aurkako atentatua egotzita. Fiskalak, aldiz, zortzi hilabeteko zigorra eskatu du Orbegozorentzat eta Hach Embarekentzat, desobedientzia eta erresistentzia delituengatik.

11:30ean hasiko da epaiketa Donostiako Lurralde Auzitegian. Ordu erdi lehenago, Libre dinamikak deituta, elkarretaratzea egingo dute epaitegiaren aurrean auzipetuei babesa emateko. Horrez gain, Azpeitiko hainbat ikaslek ere elkarretaratzea deitu dute Esteban Orbegozori elkartasuna erakusteko, 11:00etan Sanjuandegiko biribilgunean.

Asanblada informatiboa, arratsaldean

Epaiketaren nondik norakoak azaltzeko, Azpeitiko Libre dinamikak asanblada informatiboa deitu du gaur arratsalderako. Plazan egingo dute asanblada, 19:00etan hasita.