Ehun urte, eta martxan

Uztarria.eus 2017ko urt. 23a, 19:19
Maria Elena Izeta, eta Aurelia eta Jesus Otamendi, erloju dendan.

Urtarrileko Uztarria herri aldizkaria webgunean irakur daiteke dagoeneko, osorik, PDF formatuan (hemen). 2017ko lehendabiziko zenbaki horretan, besteak beste, 100 urte bete dituen Otamendi erloju dendari eskainitako erreportaje hau dator.

Azpeitian hainbat dira belaunaldiz belaunaldi negozioak heredatzen joan diren familiak. Batzuek oraindik bizirik diraute, eta horietako bat da herriko erdigunean kokatzen den Otamendi erloju denda. Duela ehun urte baino gehiago ireki zuen Pedro Maiztegi erlojugile eibartarrak, eta, urte batzuk geroago, Silvestre Otamendi (Azpeitia, 1896-1954) azpeitiar erlojugilea hasi zen Maiztegirekin lanean.

1916. urtean, Maiztegik erretiroa hartu eta Silvestre Otamendiri utzi zion denda. Aurelia Otamendi (Azpeitia, 1926) 16 urterekin hasi zen bere aita Silvestrerekin lanean. Bere anaietako batek ere jardun zuen lanean, eta ondoren Jesus Otamendiri (Azpeitia, 1955) pasatu zioten kargua. Ordutik gaur egunera arte Otamendik eta Maria Elena Izetak (Zestoa, 1959) darraite negozioarekin aurrera, eta horiekin eta bertan lanean urte askoan zehar jardun duen Aurelia Otamendirekin bildu da Uztarria.

Bizimodua dendan egin duela azaldu du Jesus Otamendik: "Dendaren goian daukagu etxea, eta guretzat etxeko gehigarri bat da. Bizitza osoa igaro dugu bertan". Aurelia Otamendirentzat, berriz, urte askoan zehar, etxera joateko pasabide bat ere izan da: "Garai batean, dendaren ondoan sagardotegi bat zegoen eta erlojutegia txikiagoa zen. Pasabide bat zeukan etxera joateko eta ataria apenas erabiltzen genuen etxera igotzeko".

Ehun urte horiek azpeitiarrei nahiz bailarakoei esker bete dituztela aitortu du Jesus Otamendik: "Eskerrak ematea besterik ez zaigu gelditzen". Ingurukoei esker ona emateko eta ehun urte urtero betetzen ez direla ospatzeko, abenduaren 17an ospakizun bat egin zuten dendan bertan. Poesia errezitaldiek nahiz hainbat ekintzek izan zuten lekua 100. urtemugan.

Ehun urte, mila anekdota

Erloju denda herri erdi-erdian egonda, ehun urteotan denetarik pasatu dela diote otamenditarrek. "Nazionalistak, errepublikanoak... denetarik sartu da denda honetara", adierazi du Aureliak. Zezenzaleen bilgunea ere izan da, Silvestre zezenzale amorratua baitzen. "Afizio handia zuen zezenekiko eta herritar ugari biltzen ziren dendan".

Aureliak gogoan ditu aitak kontatutako hainbat pasarte eta horietako bat da Lehen Mundu Gerra amaitu zenean, alemaniarrak etxera zihoazela, Silvestrek dendan zituen eskumuturreko erloju guztiak erosi zituela haietako batek. "Hori garai hartan ba al dakizu zer zen?", galdera egin du Silvestreren alabak.

Dendaren ondoan aspalditik dago botika, eta ehun urte hauetan erloju dendara hainbat eta hainbat lagun gerturatu omen izan zaizkie botikak erosteko asmoarekin. "Hori bihar bertan ere gerta daiteke", nabarmendu du Jesus Otamendik.

Erlojuak konpontzen dituztenean, konponketak egitea amaitzen duten egunaren data jartzen diote erlojuari. Behin, gizon bat gerturatu eta erlojua konpontzen utzi zuenetik bi urte pasatu zirela komentatu omen zion Jesusi. Hura bilatzen lan handia izan ostean datari begiratu eta honakoa esan omen zion bezeroari: "Bi urte luzeak izango ziren, ezta? Hamar ere pasatu dituk".

Itxuraz antzera, barrutik ezberdin

Duela ehun urte Otamendi denda ez zen erloju denda soila; optika ere bazen. Asteartero okulista joaten zen dendara eta azpeitiarrak nahiz inguruko herritarrak bertara gerturatzen ziren. Horri lotuta ere makina bat anekdota kontatuko lituzkeela dio dendaren jabeak.

Ordutik gaur egunera arte erlojutegia itxuraz ez da askorik aldatu. 1970ean erreforma batzuk egin zituzten eta 2002an lurra aldatu zuten. "Gainontzean, denda berdin-berdin dago eta bere esentzia ez da aldatu", azaldu du Maria Elena Izetak.

Esentziak berdin jarraitzen duen arren, jendearen ohiturak aldatu egin direla azpimarratu du Jesus Otamendik: "Garai batean jendeak orain baino bitxi gehiago erosi ohi zituen". Gaur egun, erloju zaharrekin egiten du lan gehien bat, hori baita egun duen eskaera handiena. "Urte asko dituzten iratzargailu nahiz erlojuak ekartzen dizkidate eta horiek konpontzen ditut. Pazientzia handia behar duen lana da".

Dendaren etorkizuna, ilun

Erloju dendaren etorkizuna ilun xamar ikusten dute bai erlojugileak eta baita bere emazteak ere. Lau-bost urte barru jubilatzea du xede Jesusek, baina Otamendi dendak ez ditu ateak orduan itxiko; izan ere, Otamendiren arabera, erretiroa hartu eta gero emazteak jarraituko du negozioarekin. Bikoteak hiru seme ditu eta haietakoren batek lan horri jarraipena emango dion esperantzak ditu erlojugileak, baina zaila izango dela uste du: "Agian erlojutegi bat ez, baina beste zerbait egitera animatuko dira. Leku aldetik ezin hobeto dago kokatuta eta horretaz ezin dira kexatu".

Jesus eta Maria Elena senar-emazteek "ikusmira handiko ofizioa" dela aitortzen dute, baina kuriositateak bizitzeko lain ez duela ematen ere nabarmendu dute.