Elkarbizitzaren dantzak eman duena plazaratuta esan du agur Azpeitiko Bizikidetza Foroak

Uztarria.eus 2016ko abe. 2a, 18:22
Azpeitiko Bizikidetza Foroaren agurreko ekitaldiaren une bat.

Bi urte eta erdian landutakoaren eta hausnartutakoaren ondorioak jendaurrean azalduta amaitu du ibilbidea taldeak. Hamabi puntutan laburbildu dute adostutakoa. Foroko kide guztiek hartu zuten hitza agurreko ekitaldian, Sanagustin kulturgunean, bizitako esperientziak eman dienaz eta eman duenaz aritzeko.

"Asko kostatu zaigu esku artean duzuen dokumentura iristea, lan asko eta ordu asko daude hor. Irailean erabaki genuen bukatzea. Aurreratuta geneuzkan gai horien inguruko hausnarketak. Ertz asko ukitzen, ertz asko ikusten. Ikusten, era berean, dantza batean bezala, non hurbildu gintezkeen eta non hobe, bueno, ukitu eta ikusi, eta pixka bat atzeraka egin. Horretan aritu gara. Ikusi dugu non joan gintezkeen sakonago, murgildu gara, eta hau da emaitza". Aitziber Blancok (Bilbo, 1972) gidatu du, "bidelagun" lana egin du, Udalaren ekimenez 2014ko martxoan abian jarritako Azpeitiko Bizikidetza Foroa. 2015eko apirilean atera ziren lehen aldiz jendaurrera foroko kideak. Euskal Herriko gatazka politiko eta sozialaren ondorioak era batera edo bestera, batean eta bestean, bizitakoen arteko elkarrizketa bultzatu eta elkarbizitzan sakontzeko ahalegina egitera bideratutako taldea osatu dute, Azpeitian, azpeitiarrek.

Bi urte eta erdi pasatuta, foroa amaitzea erabaki dute. Atzo gauean egin zuten agurreko agerraldia Sanagustin kulturgunean eta, bertan, foroan hitz egin, landu eta hausnartutakoaren "ondorio partekatuak" plazaratu zituzten. Alaitz Aguado Uranga, Jexux Aizpuru Zendoia, Miren Alcedo Moneo, Jabier Altuna Larrañaga, Joxe Arregi Olaizola, Felipe Murillo Egiguren, Miren Odriozola Uzkudun, Manoli Uranga Segurola eta Mertxe Urtuzaga Otaegi izan dira Azpeitiko Bizikidetza Foro horren partaideak. Atzo, Sanagustinen, guztiak elkartu ziren, bertaratzerik izan ez zuen Felipe Murillo izan ezik. Eta beraien ondoan hainbat herritar, esateko zutena entzuteko eta txaloz eskertzeko prest.

Eneritz Albizuk aurkeztu zuen saioan, aurrena bertan zeuden forokideek banan-banan hartu zuten hitza, bi urte eta erdiko esperientziak eman diena eta eman duena bakoitzak bere hitzetan azaltzeko. Foroa sortzeko pausoa eman zuen Udalaren ordezkariek -Aitor Gorrotxategi EAJren bozeramaileak eta Eneko Etxeberria alkateak, hurrenkera horretan- hitza hartu eta ekitaldira joandako herritarrei hitza hartzeko aukera eman aurretik, Alaitz Aguadok eta Joxe Arregik irakurri zituzten aurkeztera joan ziren ondorioak. Bost orrialdeko txostena hamar orrialdetan, euskaraz zein gaztelaniaz idatzi baitute foroak emandakoa. Eta, guztiaren laburpen bezala, adostutako hamabi puntuok, Aguadok eta Arregik irakurri zituztenak:

  1. Jabetzen gara sufrimendua oraindik oso bizirik dagoela eta gaur egun ere sufrimendu berriak eragiten jarraitzen dela.
  2. Gizarte bezala autokritika egin beharra dugula uste dugu. Norberak barrura begiratu, gaizki egindakoa eta egin ez duguna aztertu, eta, ondoren, jarrerak aldatu. Egiten ditugun keinuek, ematen ditugun urrats txikiek, gure ingurunean eragina izan dezaketela frogatu dugu.
  3. Gizarte honetako kide bezala ere, biktimekiko dugun zorra aitortu nahi dugu: ez dugula egin beharreko guztia. Gertatutakoaren lekuko edo parte izan garela, indarkeriara eta sufrimendura ohitu egin garela eta "normaltasunez" onartzera iritsi garela aitortu nahi dugu.
  4. Urteetan, biktimekiko babesa adierazteko antolatzen ziren ekimenetan parte hartu aurretik, zeinek deitzen zuen galdetzen genuen askotan: erabiliak eta manipulatuak izateko beldurra nagusitu da.
  5. "Biktima" hitza bera ere konplexua eta delikatua izan da gehienontzat. Baina, pixkanaka-pixkanaka, "biktima" kontzeptua ere zabaltzen joan da, baita haiei dagozkien eskubideekiko onarpena eta aitortza ere.
  6. Biktima desberdinek babes eta elkartasun sozial eta instituzional maila desberdinak izan dituztela jabetzen gara. Eta horrek bakardadea, lotsa, beldurra, erruduntasuna, amorrua eta gorrotoa bezalako sentimenduak sortarazi ditu zenbait biktimarengan.
  7. Guk biktima guztiak geure egin nahi ditugu, giza eskubideak urratu zaizkien pertsonak eta sufrimendu injustu eta bidegabeak pairatu dituzten pertsona guztiak: hildakoak, umezurtzak, alargunak, mehatxupean bizi izandakoak, bahituak, askatasunik gabe bizi izan direnak, tortura sufritu dutenak, justifikaziorik gabe atxilotuak...
  8. Biktima guztiei aitortza, egia, justizia, eta erreparazio eskubideak dagozkiela adierazi nahi dugu. Esan bezala, biktima bakoitzak egoera desberdinak bizi izan ditu urte hauetan eta, horren arabera, bakoitzaren behar eta eskaerak ere desberdinak izango direla jabetzen gara.
  9. Gertatutakoa ulertze aldera, baina ez justifikatzeko, guztiaren azpian izan den gatazkaren izaera politikoa onartu dugu, nahiz eta bakoitzak ematen dion garrantzia desberdina izan. Gatazka politikoaren muinean, estatuarekiko harreman marko juridiko propioa askatasunez erabakitzeko aukera eza dagoela partekatzen dugu.
  10. Gatazka honen baitan, indarkeri mota desberdinak izan direla onartzen dugu. ETAren indarkeriak dena zailagotu zuen, eztabaida politikoa gogortuz, min injustua eraginez eta jarrerak muturreraino eramanez. Bere aldetik, Estatuak ETAren aurkako borrokaren estrategiaren baitan eragindako indarkeriak ere min injustua eragin du eta, legearen babespean egin den neurrian, ikuspegi etiko batetik larriagoa iruditu zaigu.
  11. Azken urteotan, gizartea aldatzen hasi dela ikusi dugu. Zenbait hurbilketa ematen hasi da, baita zenbait inertzia puskatzen ere. Hala ere, oraindik gorroto begiradak sumatzen dira eta horiek gainditze aldera gizartean pedagogia lan zabala egin beharra ikusten dugu.
  12. Giza eskubideekiko eta euren urraketekiko ikuspegi partzialak izan ditugula onartzen dugu. Giza eskubideen errespetuan urratsak ematen jarraitu behar dugu. Giza eskubideak, lehen bezala orain ere, bere osotasunean hartu eta errespetatu behar ditugu.

Ekitaldira joan ziren herritar denei eman zieten txostena eskura, hamabi puntuen irakurketari ekin aurretik.

Forokideen testigantzak

Testigantzen txandan, foroko kide gehienek aipatu zituzten hasierako kezkak, lehen bilera "gogorrak", taldean sortutako konplizitateak, harreman ona eta, batez ere, "errespetua". Batzuk foroak gehiago iraun eta eman zezakeela adierazi zuten, baina baita hasieran espero zutena baino gehiago lortu dutela ere. Guztiak bat zetozen esperientziak merezi izan duela esatean eta "horrelako gehiago" behar direla nabarmentzean. Horretara animatu zuten Sanagustinen elkartutako jendea.

Hauek dira, osorik, foroko kide guztien adierazpenak:

Miren Alcedo: "Hasi ginenean espero nuena baino gehiago lortu dugu. Hasiera oso potentea izan zen, oso. Bat-batean, konturatu ginen elkarrekin hitz egin genezakeela; ze sinplea eta ze zaila, ezta? Hasieran, oso azkar joan ginen. Eta gero, ba... Aitortu behar dut puntu honetan, gaur, amaieran, nik frustrazio puntu bat daukadala. Mikrokosmos bat osatu dugu eta mikrokosmos horretan errespetuz hitz egin eta entzun dugu. Baina, batzuetan, errespetuak askatasuna jan du. Batzuetan, ez dugu esan pentsatzen genuena edo pentsatzen genuen guztia; eta hori ona da, ez da batere txarra. Agian, ez gara gai izan guk taldean landutakoa herrira bueltatzeko; ez dakigu nola konpartitu zuekin. Hori, alde batetik. Beste alde batetik, lehen esan dut mikrokosmos bat izan garela, baina mikrokosmos hori errealitatean dago, eta errealitatea den modukoa da, guztiok ezagutzen dugu; eta giro horrek eragin handia izan du taldean. Gatazkaz hitz egin dugu, sufrimenduaz hitz egin dugu, eta ondo; baina, egia esan, gai batzuetan gainetik pasatu gara, ez dugu sakondu, tabu izan dira. Baina, orokorrean, oso esperientzia ona izan da eta ni oso pozik nago, zuekin konpartitu izanaz".

Joxe Arregi: "Miren [Alcedo] hala izan da eta hala da, gauzei beren izenez deitzen die, inoiz ezer ezkutatu gabe; eskertzekoa da. Nik gaur, batez ere, esker on sakon bat sentitzen dut; zuetako bakoitzari eta, modu berezi batean, Aitziberri, hain ondo eraman gaituelako, une bakoitzean egoten jakin duelako. Eskerrak eman nahi dizkizuet denoi. Mikrokosmos bat izan gara, baina beti sentitu dugu herrian txertatuta geundela, eta zuen presentzia nabaritu da; herria hasieratik oso presente egon zen, bere ordezkariek egin baitziguten deialdia, Udalak. Esker ona, beraz, benetan. Gure bi urte eta puskako historiatxo hau hitz batean biltzekotan, gizatiartasuna izango litzateke. Oso talde gizatiarra izan dela esango nuke. Nik ere esango nuke, ez dugula denok beti dena esan nahiko genukeen indarrez edo sukarrez esan, baina bai gardentasun eta garbitasun handia egon dela, bai hitz egiterakoan eta bai entzuterakoan. Egia da, halaber, hasi ginenean gatazka politikoa ez zegoela bere gogorrenean, baina minak oso bizirik zeuden oraindik, zauriak berriak eta oso berriak ere baziren; herri osoa markatzen zuten zauriak eta bakoitzaren historia. Orduan, elkarri entzutea, bestearen lekuan jartzea, bestearen minaz jabetzea eta etorkizunari gehiago begiratzea, iraganari baino. Gutako batek esan zuen eta askotan aipatu dugu, fortuna izan duen esamoldea: berak ez zuela beste ezertara aspiratzen, etorri etxera norbait, txirrina jo eta 'amaitu da' esatea, eta goazen orain bestelako etorkizun bat eraikitzera, guztion artean".

Alaitz Aguado: "Ni neu ez nintzen foro honetara deitua izan, amari [Manoli Uranga] deitu zioten; gerora, foroaren parte aktiboa izan naizela uste dut. Amak iktusa izan zuen orain dela sei urte eta, haren ondorioz, afasia dauka, ez du ondo hitz egiten. Ideia zen ni interprete lanak egitera joatea; nahikoa gogoz kontra hasieran, onartu behar dut. Ez neukan hemen egoteko batere gogorik; amaren alaba naizelako, beti aparte egon nahi izan dut, neure burua ezkutatu nahi izan dut herritik. Foro honi eskerrak nago ni hemen. Behin ere hitz egin izan ez dudan gaiez hitz egiteko gai izan naiz foroari esker, Aitziberri esker eta hamar lagun hauei esker. Amak ere eskerrak eman nahi ditu, berarekin izan duzuen pazientziarengatik; oso gustura egon da. Ni ere oso gustura egon naiz, asko aportatu dit. Mikrokosmos bat sortu da, baina herrian ere antzeman dela uste dut, nik antzeman dut. Niri balio izan didan bezala, pentsatzen dut gizarteari, besteoi ere, balioko dizuela".

Jexux Aizpuru: "Bakarrik eskerrak eman taldekideei, Udalari. Mirenekin [Alcedo] bat egingo nuke, elkarbizitza lortzeko oraindik gauza asko egiteko daudela esatean eta, zentzu horretan, pixkat motz gelditu dela. Ez bakarrik politikoki, beste arlo askotan ere gauza asko dago egiteko. Beste batzuk beste foro batzuetan parte hartzen badute, horietan sakontzera animatuko nituzke".

Mertxe Urtuzaga: "Hasieran pila bat kostatu zitzaidan hitz egitea eta nire historia kontatzea, gogorra zelako, baita. Baina taldean denen babesa sentitu nuen eta hori antzeman egiten da. Gainera, behin baino gehiagotan erakutsi egin didate nirekin daudela; eskertzen dizuet. Ikusi dut jende gehiagok ere sufritu duela, oso gaizki pasatu dutela, eta beraien tokian ere jartzen naiz. Oso talde jatorra tokatu zait. Gerora begira, horrelako beste gauza batzuk sortzea elkarbizitzarako ondo etorriko litzatekeela iruditzen zait; esan ditugun korapilo horiek askatu, hitz egin, zer arazo dagoen, zergatik gertatu zen, ez daitezen berriz horrelakoak gertatu. Jendea animatuko nuke beste talde batzuk sortzera. Gu pentsakera desberdineko asko egon gara eta nahikoa ondo irten da; zuek denak ere gai izango zinatekela uste dut. Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiot talde osoari, oso gustura egon naiz beraiekin, zorte handia izan dut beraiekin hau bizi izatearekin".

Miren Odriozola: "Mirenek esan duen bezala, lehenengo bilerak oso gogorrak eta potenteak izan ziren. Pentsatu zuek, hemen geundela desberdin pentsatzen genuenak eta, askotan, urteetan elkarren kontra aritu ginenak. Bakoitzak bere eskubideen urraketak eta bere sufrimendua azaldu genituen, eta errespetu handiz. Norberari gogorra egiten zaio hori dena azaltzea eta, gero, besteei entzun ere, errespetu handiz. Oso hunkigarria izan zen; akordatzen naiz, nire historia kontatu nuenean, bat etorri eta besarkada handi bat eman zidala, eta erabat txundituta gelditu nintzen. Elkar asko ezagutu gara eta, ezagutze horrekin, nahiz eta pentsakera eta ideologia ezberdinetakoak izan, nahiz eta gauza denetan ez gauden ados, gauza pila batean ados jarri gara. Txostenean ikusiko duzue, gauza asko adostu ditugula; beste asko ez ditugu adostu eta ez ditugu adostuko. Bakoitzak askatasuna du, nahi duen bezala pentsatzeko eta jarraitzeko. Talde honek eta egin ditugun bilerek benetako sinesmena eman didate herri honetan, benetan borondatea jartzen badugu, beste era bateko bizikidetza egiteko kapazak garela. Gu gai izan bagara, nik uste dut besteak ere baietz. Badakit urteak pasatuko direla, sufrimendu handiak daudela eta oraindik ere jarraitzen duela sufritzen jende askok; baina borondatea jartzen baldin badugu eta aurrera begira jartzen bagara, ez lehengoa ahaztuta, pasatu diren gauza guztiak ezin direlako ahaztu, beste Euskal Herri bat izateko itxaropena daukat. Gauza askotan, biktimei buruz, esaterako, bakoitzak bere iritziak geneuzkan baina, azkenean, asko hurbildu gara: biktima bat zer den, zein den biktima, zeri esaten zaion biktima, biktima bati zer derizkion... Eta gatazka politikoari buruz, agian ez dugu asko sakondu, baina gauza batzuk adostu ditugu. Eta, benetan esango dizuet, nik ez nuen pentsatzen horrenbeste gauza adostera iritsiko ginenik. Nik ere aurrera jarraitzeko gogoa neukan, oraindik korapilo asko daude. Baina, beno, honaino iritsi gara eta uste dut balio izan duela, egin dugun lanak. Orain, hemen zaudetenoi eta herritarrei eskatzen dizuet, norbaitek aurrera jarraitzeko gogoa baldin badauka, beste foroak edo taldeak osatu daitezkeela. Hori norberarentzat da aberasgarria, lehenengo; eta, gero, herrira begira ere bai. Eskerrak talde guztiari. Ni iritsi naiz denok maitatzera, benetan esaten dizuet. Izugarria izan da, normalak diren frustrazio eta guzti".

Jabier Altuna: "Hasi ginenean, nire sentsazioak ziren errezeloa, alferkeria... Berriz? Zertarako? Esan duten bezala, lehenengo bilerak gogorrak izan ziren. Aurrenekoan esan ziguten, 'zer eskatzen duzue eta zer eskaintzen duzue', eta uste dut esan genuela errespetua eskatzen genuela eta errespetua eskaini. Eta uste dut hori lortu dela. Batzuk elkar ezagutzen genuen, beste batzuk gutxiago; batzuk, esan den bezala, elkarren aurrean egotetik. Sentitzen dut alboan egon garela, balio handiko pertsonak ezagutu ditut. Etorkizunerako edo gizarteari zer aportatzen diogun? Esan den bezala, bileretan ez dugu dena esan, gauzak gorde ditugu, baina uste dut gorde ditugula albokoaren lekuan jarri garelako; geure burua pixka bat mugatu egin dugu, bestea ez mintzeagatik edo bestearen lekuan jartzeagatik. Uste dut gizarteari, Azpeitiari, eskaintzen diogun ekarpen txikia hori izan daitekeela: gauza askotan ez gara egon ados baina, ados egon gabe, elkar egon gara eta bizikidetza bat lortu dugu, eta benetan asko baloratzen ditudan talde bat, harreman bat eta prozesu bat. Eskerrak gonbidatu gintuztenei eta eskerrak denoi".