Lehen urratsa bizikidetzara bidean

Uztarria.eus 2015ko api. 23a, 14:34
Foroko kideak atzoko aurkezpenean, Sanagustin kulturgunean.

Azpeitiko Herritarren Foroa aurkeztu zuten atzo, asteazkena, Sanagustin kulturgunean. Herritarren Foroa ondorengoek osatu dute: Alaitz Aguado, Jexux Aizpurua, Eneritz Albizu, Miren Alcedo, Jabier Altuna, Joxe Arregi, Felipe Murillo, Miren Odriozola, Manoli Uranga, Eneka Urbieta eta Mertxe Urtuzaga Otaegi. Foroko kideek azaldu dutenez, "aurrera begiratu behar dugu, gertatutakoa ahaztu beharrik gabe eta gorrotorik gabe".

Azpeitiko Herritarren Foroa aurkeztu zuten atzo, asteazkena, Sanagustin kulturgunean. Urte luzez indarkeria, giza eskubideen urraketa eta bazterketa egoerak jasan dituzten hainbat herritarrek foroan bizitako esperientziak elkartrukatu zituzten kulturgunera bertaratu ziren herritarrekin, eta Aitziber Blanco Lokarriko kide ohiak egin zuen aurkezpena. Joan den urteko martxoaren 18an elkartu zen foroa aurrenekoz, eta Blancok azaldu duenez, "konfiantza, diskrezioa eta konfidentzialtasuna ezinbesteko izan dira prozesuan".

Herritarren Foroa ondorengoek osatu dute: Alaitz Aguado, Jexux Aizpurua, Eneritz Albizu, Miren Alcedo, Jabier Altuna, Joxe Arregi, Felipe Murillo, Miren Odriozola, Manoli Uranga, Eneka Urbieta eta Mertxe Urtuzaga Otaegi. Denek ala denek foroa esperientzia "aberasgarria" izan dela aitortu zuten, eta herritarrei ondorengo mezua bidali zieten foroko parte hartzaileek: "Gu, onenak izan gabe, egin duguna egiteko gai izan bagara, Azpeitia osoa ere gai dela, Euskal Herria ere gai dela. Gure herriak pairatu eta pairatzen duen biolentziazko historiari irtenbide bat emateko, inportanteagoa dela erantzukizuna errua baino, inportanteagoa dela sufrimendua ideologia baino, inportanteago dela etorkizun konpartitu hobea egiteko ahalegina iraganeko erruen banaketa baino. Guzti hau, norbanakoarengan eta bestearengan sinestea ezinbesteko dela jabetuz egin daitekeela, elkartzen gaituen gizatasuna azalaraziz". Foroko kideek azaldu dutenez, "aurrera begiratu behar dugu, gertatutakoa ahaztu beharrik gabe eta gorrotorik gabe".

Joxe Arregik esan zuenez, "besteari sufrimenduari begiratzen eta bestearen tokian jartzen ikasi dugu, eta hori da errespetuaren adibide onena". Ildo beretik hitz egin zuen Miren Alcedok ere, "luxua izan da prozesu hau zuekin partekatzea, zuekin egotea zein barre eta negar egitea". Miren Odriozolak ere hartu zuen hitza, eta "bizitzako esperientzia garrantzitsu" bezala definitu zuen foroa: "Pentsakera desberdinetako pertsonak, zoritxarrez elkarren frentean eta enfrentatuta izan garenak askotan bildu gara foroan. Ez da erraza izan. Zaila izan da, eta une gogor asko bizi izan ditugu. Gure eskubide urraketak, saminak eta sufrimenduak partekatu ditugu, eta bestearena entzutea zein garrantzitsua den jabetu gara". Odriozolak esan zuenez, "egia oso zabala da, eta egiaren zati handi bat zure egiaren beste aldean izaten da". Horrez gain, errelatoak entzuteak "humanizatu" egin duela adierazi zuen: "Bestearengana gerturatu nau. Elkarrengana hurbildu gara eta ulertu dugu bestearen mina, eta hori beharrezkoa da bizikidetzan aurrera egiteko".

Foroak bizikidetzara bidean lehen urratsa, handiena beharbada, eman du dagoeneko. Bertan parte hartu duten kideek foroak aurrera jarraitu behar duen edo ez erabakitzeko dutela argitu zuten atzo, baina oraindik korapilo asko dago askatzeko. Beharrezkoak dira, "gogoa, borondatea eta errespetua".

Hemen, Azpeitiko Herritarren Foroko kideek aho batez idatzi eta atzo irakurri zuten errelatoa:

Gehienok urduri edo oso urduri iritsi ginen lehenengo bilerara. Beste batzuk, ziurtasun faltarekin, beldurrez sendagarria baino mingarriagoa ez ote zen izango esperientzia eta eszeptiko ere, zerbait politikoa ez ote zen izango. Gutariko inork ez zuen argi zertara gindoazen, zergatik gu gonbidatu gintuzten, ze jende mota aurkituko genuen eta nola joango zen esperientzia. Baina jakin-minak kasu gehienetan, halako foroen beharrak edo eurekiko motibazioak kasu batzuetan eta deialdiaren seriotasunak (Udaletxetik gutun bat jaso baikenuen) bultzatu gintuen bilerara etortzera eta gonbidapenari baiezkoa ematera. Bilerara iritsitakoan zenbait pertsona ezagutzen genituela ohartu ginen, horrek kasu batzuetan lasaitasuna sortarazi zuen eta gehienetan, nahiz eta elkar ez ezagutu, bizipen, jatorri, adin eta sufrimendu mota desberdinak jasandako azpeitiarren arteko esparru batean ginela konturatu ginen.

Bizitutako prozesua denontzat espero genuena baino hobeagoa eta emankorragoa izan da. Urte honetan bizitutakoak hasiera bateko errezeloak gainditu ditu, besteak beste, alderdiek gu Foro honetan parte hartzera gonbidatu gintuztenean euren buruei itxura irekiagoa emateko erabiliko gintuztenarena. Baina ez da hala izan, gu izan gara prozesu honen protagonistak. Hemen pertsonak egon gara, prozesu pertsonala izan da, gizatasuna nagusitu da. Nahiz eta gure bizipenak eta gertatutakoaren irakurketak berdinak ez izan, elkarrekin eseri gara hilabetean behin, gure bizipenak partekatuz eta bestearenak errespetuz entzunez. Norberak bere minen hustuketa sakona egin du, bestearena errekonozituz, arretaz entzunez, hitzen gardentasuna eta egiatasuna nagusituz.

Baina oraindik bizikidetzarekin zer ikusi duten gaiak eta korapiloak irudikatu arren, sakontzeko eta lantzeko asko gelditzen dela jabetzen gara.

Talde bat izan gara, denok pertsonak, inoren esanak beste inorenak baino garrantzi gehiago edo gutxiagorik gabe. Taldearen maila pertsonala ikaragarria, han geunden guztiak, bai talde bezala, bai indibidualki, balore handiko pertsonak. Bileretan oso gustura eta geroz eta lasaiago sentitu gara, taldeak ematen zigun babesagatik. Baina bilera bakoitzaren hasieran urduritasun puntu bat ere sumatzen genuen. Batzuetan gaizki ulertuak izango ginenaren edo gure hitzek mina sortaraziko zutenaren beldurrak ezeroso sentiarazi gaitu edo zenbait gauza isiltzera eraman gaitu. Bestetik barruak mugitzen zituzten istorioak digeritu behar ziren, entzutea ez zen beti erraza izaten, ondoren gogoeta zetorren. Eta, zer esanik ez, hitz egiteak, barrenak husteak mina ematen zuten bizipenak ezezagunen aurrean berriz ere bizitzea suposatzen zuen, ariketa oso gogorra. Baina aldi berean partekaturiko sufrimendu egoerek elkartu egin gaituzte.

Bizitutako prozesutik azpimarratzeko gauza asko ditugu. Momentu zailak, hunkigarriak, onak eta dibertigarriak partekatu ditugu. Bizipenik gogorrenak kontatu dira, ezer artifizialki leundu eta gozatu gabe, baina beti ere inolako gogorkeriarik gabe, gorrotorik eta erreminik gabe. Egiazko ariketa bat izan da. Bizipenak kontatzeko gogoa sumatzen zen taldean eta horrek une hunkigarriak bezain gogorrak bizitzera eraman gaitu. Gogorra izan da norberaren sentimenduak adieraztea horrek sufritutakoa gogora araztea suposatzen duelako. Baina hala ere bizitutakoa kontatu dugu eta besteenak gogoz, kuriositatez, errespetuz, eta juiziorik gabe entzun ditugu. Hori izan da taldearen ezaugarri nagusia: errespetua. Prozesu honek besteek ere guk bezala sufritu dutela erakutsi digu, bestearen lekuan jarri gara, enpatia landu dugu eta bestearen sufrimendua aitortu edo errekonozitu dugu, gure errealitate zabalago honen parte bezala.

Denok esfortzu handia egin dugu, are gehiago orain arte nahiko urrun egondako pertsonak izan garela kontutan izanik, elkarri hurbildu eta elkarrenganako zaintza eta errespetua adieraziz.

Taldea Azpeitiko herriaren eta orokorrean Euskal Herrian bizi izanaren eta bizi denaren adierazgarria izan da, egiazko prozesu bat izan da. Nahiz eta bertan errealitate guztiak ordezkaturik ez egon, aniztasun zabala izan du bai genero, adin, bizipen, ibilbide ideologiko eta ibilbide sozialetik.

Baina, hala ere, elkar ulertu eta hurbildu gara, hain urrun ibili garenak elkartzeko, hitz egiteko, minik emateko borondaterik gabe egoteko gai izan gara. Barrikadak ez direla ezinbestekoak ikusi dugu. Garai batean "etsai" bezala hartu ditugun pertsonen arrazoiak eta jokaerak ezagutzeko eta errespetatzeko aukera eman digu, norberaren egia egia osoaren zati bat dela jabetzeko. Prozesua ez da erraza izan, gure mugak azalarazi baititu, hitz edo ikuspegi batzuen aurrean ditugun zailtasunez jabetu gara. Baina elkarrekin bizi gaitezkeela ondorioztatu dugu, inork bere ikuspegiari uko egin gabe, baldin eta inork bere ikuspegia besteari inposatzen ez badio. Iragana modu autokritiko batean begiratuz eta aldatu behar ditugun jarrerak aldatuz, kultura politiko berri bat barneratu dezagun.

Prozesu honek, pertsona mailan inoiz ez bezala, gure baitan ditugun hainbat gaiez eta sentimenduez hitz egiteko aukera eman digu; norbaitek hori guztia entzuteko interesa baduela sentitzeko; eta gai horiez hitz egin daitekeela jakiteko aukera eman digu. Are gehiago, agian gai horiez hitz egin behar dela jakiteko eta, nahiz eta gai askotan ikuspegi desberdinak edo ezadostasunak izan, edonori errespetua zor zaiola jakiteko.

Gure aldetik Azpeitiko herritarroi helarazi nahiko genizuekeen mezua honako hau da. Gu, onenak izan gabe, egin duguna egiteko gai izan bagara, Azpeitia osoa ere gai dela, Euskal Herria ere gai dela. Gure herriak pairatu eta pairatzen duen biolentziazko historiari irtenbide bat emateko, inportanteagoa dela erantzukizuna errua baino, inportanteagoa dela sufrimendua ideologia baino, inportanteagoa dela etorkizun konpartitu hobea egiteko ahalegina iraganeko erruen banaketa baino. Guzti hau, norbanakoarengan eta bestearengan sinestea ezinbesteko dela jabetuz egin daitekeela, elkartzen gaituen gizatasuna azalaraziz. Aurrera begiratu behar dugu, gertatutakoa ahaztu beharrik gabe eta gorrotorik gabe. Belaunaldi berriek gertatutakoa ezagutu behar dute, berriro errepika ez dadin.

2015eko apirilak 22

Azpeitiko Herritarren Foroko partaideak: Alaitz Aguado, Jexux Aizpurua, Eneritz Albizu, Miren Alcedo, Jabier Altuna, Joxe Arregi, Felipe Murillo, Miren Odriozola, Manoli Uranga, Eneka Urbieta eta Mertxe Urtuzaga Otaegi.