Leioako campusean izandako atxiloketa salatu du Azpeitiko Gazte Mugimenduak

Uztarria.eus 2016ko aza. 25a, 10:41
Atzo, osteguna, atxiloketaren aurrean egin zuten kontzentrazio informatiboko irudia.

EHUren Bizkaiko campusean atxilotutako gazte azpeitiarrari babesa eta elkartasuna adierazi diote Azpeitiko Gazte Mugimenduko kideek. Horrez gain, Euskal Herriko ikasle mugimenduari "zorionak" eman dizkiete, "beldurraren kanpainaren aurrean emandako erantzunagatik".

Azpeitiko Ikasle Abertzaleakek eta Azpeitiko Ernaik atzo, azaroak 24, Leioako EHUren campuseko istiluen ondorioz izandako atxiloketa salatu du, eta babesa zein elkartasuna helarazi diote atxilotutako azpeitiarrari eta haren gertukoei.

Unibertsitatearen errektorea aukeratzeko hauteskunde eguna izan zen atzo EHUn. Bizkaiko campusean, Leioan, hauteskunde sistemaren eta unibertsitate ereduaren aldaketa aldarrikatzeko manifestazioa egin zuten, ikasle mugimenduak deituta, Ikasle borrokaz, geurea eraiki lelopean. Manifestazioa egiten ari zirela istiluak piztu ziren campusean zain zeuden ertzainen eta ikasleen artean, eta orduan atxilotu zuten gazte azpeitiarra. gaua Erandioko komisaldegian pasatu du, eta gaur agertuko da epailearen aurrean. 

Gertaera horiek salatu ditu Azpeitiko Gazte Mugimenduak, eta ikasle mugimendua "historikoki herri honen eraikuntzarako oinarrizko zutabea izan dela" esan dute Azpeitiko Ernaik eta Ikasle Abertzaleakek, eta horrek "etsaia urduri jartzen" duela azpimarratu dute. Bestalde, atzo Leioan izandako istiluek komunikabideetan izango duten ohiartzunari ere egin diote aipamena: "Biharko hedabideetako titularrek, berriz ere, ikasleen aldarria manipulatuko duten arren, garrantzitsua iruditzen zaigu gaur ikasle mugimenduak kaleratu duten aldarria babestea eta mezua zabaltzea. Argi dugulako arazoa ez dela errektore hau ala bestea, zapaltzen gaituen hezkuntza eredu kapitalista heteropatriarkala eta dominazio sistema hau baizik". 

Hemen Azpeitiko Gazte Mugimenduaren oharra, osorik:

Zorionak eman nahi dizkiogu Euskal Herriko ikasle mugimenduari beldurraren kanpainaren aurrean emandako erantzunagatik. Botere faktiko eta mediatikoak ikasle mugimenduaren aldarria kriminalizatzen aritu dira, bereziki azken egunotan, eta nabarmentzekoa da mehatxu eta jazarpen polizialaren aurrean ikasleek aldarriari eusteko erakutsi duten prestutasuna.

Kriminalizazio kanpaina horren erantzule izan dira, hainbat komunikabide, alderdi politiko, eragile, sindikatu eta norbanako. Zapaltzailearen aldeko jarrera horiek baztertu eta ikasleen aldean lerrokatzeko deia egiten diegu, gazteon borroka indartuz. Atzoko kasua ezin dugu isolaturik aztertu. Ikasle mugimendua erre-presioaren jopuntua izan da aspalditik, hezkuntza sistema kapitalistaren biziraupena bermatu nahi duten horien eskutik.

Ez dugu ahaztubehar ikasle mugimendua herri honen eraikuntzarako oinarrizko zutabea izan dela historikoki, eta horrek ezinbestean etsaia urduri jartzen duela. Amaitzeko, nola ez, babes eta elkartasun osoa helarazi nahi diogu atxilotutako gazte azpeitiarrari eta bere inguruko zein familiari, baitaerasotuak izan diren ikasleei ere. Hedabideetako titularrek, berriz ere, ikasleen aldarria manipulatuko duten arren, garrantzitsua iruditzen zaigu ikasle mugimenduak kaleratu duten aldarria babestea eta mezua zabaltzea. Argi dugulako arazoa ez dela errektore hau ala bestea, zapaltzen gaituen hezkuntza eredu kapitalista heteropatriarkala eta dominazio sistema hau baizik. Horren aurrean, herritik eta herriarentzako hezkuntzaren eraikuntzan egin duten lana goraipatu eta Euskal Eskola Nazionalaren bidean bidelagun izango gaituztela helarazi nahi diegu.