Azpeitiarra da Leioako campuseko istiluetan atxilotu duten ikaslea

Uztarria.eus 2016ko aza. 24a, 16:23

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektorea aukeratzeko hauteskunde egunean, ikasle mugimenduak deitutako manifestazioan atzeman eta Erandioko komisaldegira eraman du Ertzaintzak. Batzar informatiboa deitu dute gaurko, osteguna, 19:00etan plazan.

EHUn hauteskunde eguna dute gaur, unibertsitatearen errektorea aukeratzeko. Aurreko egunetan iragarri bezala, hauteskunde sistemaren eta unibertsitate ereduaren aldaketa aldarrikatzeko manifestazioa egin dute eguerdian Leioako campusean, ikasle mugimenduak deituta, Ikasle borrokaz, geurea eraiki leloarekin. Manifestazioa egiten ari zirela istiluak piztu dira aurretik campusean zain zeuden ertzainen eta ikasleen artean, eta gazte bat atxilotu dute. Atxilotua azpeitiarra dela jakinarazi diote Uztarriari, eta Ertzaintzaren Erandioko komisaldegira eraman dutela.

Azpeitiko ikasle horren atxiloketa dela eta, gaur bertarako batzar informatiboa deitu du Azpeitiko Ernaik. 19:00etan izango da, plazan.

Leioako campusean gaur goiz-eguerdian gertatutakoa jaso dute Berria-ren webgunean.