Emakume bat, aurtengo Sagardo Txapelketaren epaimahaian

Uztarria.eus 2016ko uzt. 21a, 19:22
Sagardo Txapelketaren antolatzaileak eta babesleak AƱotako kupel artean, atzoko aurkezpenean.

Aurten ere 23 sagardogilek hartuko dute parte Santio eguneko zitan. Aurretik bihar, ostirala, bertso-txotxa egingo dute Sanagustinpean. Lehiaketak 44. edizioa beteko du, jarraian egin dituen urteak kontuan hartuta. Guztira, ordea, 49 aldiz egin da, eta datorren urtean iritsiko den mende erdia ospatzeko lanean hasiak dira antolatzaileak. 

Urtero legez, Elosiagako Añota sagardotegian elkartu ziren atzo, asteazkena, Azpeitiko Sagardo Txapelketaren antolatzaileak eta babesleak, Santio egunean 12:00etan hasita plazan egingo den 44. edizioa aurkezteko. Aurten ere 23 sagardogilek hartuko dute parte, "arkupeek ematen duten adina", eta bi txapel banatuko dituzte: epaimahaiak emandako sari nagusia eta herritarrena. Azken hori elkarteetako kideek plazako 23 postuetako sagardoak dastatu ondoren erabakitzen dutena da. Sari nagusirako erabakia, berriz, bi txandatan hartzen du epaimahaiak: lehen txandan aurkeztutako 23 sagardogileen sagardoak dastatzen dituzte, eta hor puntuazio onena lortzen duten hamar-hamabi aurrenak dastatzen dituzte bigarrenean.

Aurtengo nobedadea, hain zuzen ere, sari nagusia emango duen zortziko epaimahaian egongo da: lehen aldiz, emakume bat epaimahaikide izango da. "Hainbeste aldiz saiatu ondoren eta kostatuta, baina azkenean lortu dugu", esan zuen txapelketa antolatzen duten Landeta, Loiolatxo eta Goikabi elkarteen izenean hitz egin zuen Xebastian Lizasok. "Lehengo urtean deialdia egin genuen eta ez zen inor aurkeztu. Aurten bat aurkeztu da eta gure ongietorri beroena ematen diogu", gaineratu zuen. Epaimahairako ez ezik, antolaketa batzordean ere "emakumeak hartzeko zabalik" daudela "eta astelehenean sagardoa botatzera etortzen diren guztiak ere onartu egingo direla. Denontzako lekua dago", nabarmendu zuen Lizasok.

Azpeitiko Sagardo Txapelketak 44. edizioa beteko du astelehenean, jarraian egin dituen urteak kontuan hartuta. Guztira, ordea, gehiagotan egin da, eta datorren urtean 50. urteurrena ospatzeko lanean hasiak dira antolatzaileak; liburu bat argitaratzeko asmotan dabiltzala aurreratu zuen Xebastian Lizasok. "Hurrengo urtekoa berezia izango da. Baina aurtengoa ere hala da, 44 urtez jarraian sagardo txapelketa ospatzeak esan nahi baitu Azpeitia eta sagardoa oso lotuta daudela", esan zuen, bere aldetik, Eneko Etxeberria alkateak. Udalaren izenean "antolatzaileak, babesleak eta parte hartzen duten guztiiak eskertu" zituen: "Azkenean, prestigiodun txapelketa da hau, ikusi besterik ez dago zenbat eta zer mailatako sagardogileak etortzen diren, Gipuzkoako onentsuenak".

Ostiralean, bertso-txotxa

Astelehenekoaren aurretik, sagardoaren inguruko festak beste hitzordu bat izango du bihar, ostirala, Sanagustinpean. Lehen aldiz, bertso-txotxa deritzona egingo dute bertan, 20:00etan hasita. Herritarrek hainbat sagardo mota dastatzeko aukera izango dute, mokadutxoa eginez; Jokin Castaños enologoak sagardo bakoitzaren ezaugarriak eta berezitasunak azalduko ditu eta, tartean, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe-k eta Beñat Lizasok bertsoak kantatuko dituzte.

Eta Santio egunez, askoz gehiago

Sagardo txapelketa ez ezik, Santio egunak hitzordu berezi asko izango ditu aurten ere herriko plazan eta inguruetan. Mikel Ibarzabal Udaleko Festa batzordeburuak eman zituen horien gaineko xehetasunak Añotan. Batetik, Zelai Luzen eta Astotegian egingo da Euskadiko Blonda ganadu txapelketa, bi urtez behin Azpeitian egiten dena; 85 abelburu aurkeztuko dituzte lehiara. Plazara itzulita, ardi gazta lehiaketak ere ez du hutsik egingo; 28 gaztagilek hartuko dute parte, Gipuzkoakoak, Arabakoak eta Nafarroakoak.

Astelehen eguerdi partean festara batzen direnek txekor eta atun errearen pintxoak dastatzeko aukera izango dute aurten ere, bakoitza 2 euroren truke. "Aurten ere, garapeneko bi proiektu laguntzeko bideratuko da hor biltzen den diru guzti-guztia", azaldu zuen Mikel Ibarzabalek. Azpeitiko bi erlijiosok gidatutako proiektuak izango dira aurten Santio egunez bildutako dirua jasoko dutenak: Mikel Garmendia Tanzaniako herri batean lehortearen eraginei aurre egiteko garatzen ari dena da bata; eta Elena Albizurik Indiako Maweiteko lyngam etniaren herrixketan osasun eta hezkuntza arloetan egiten ari dena, bestea.