Emakumerik ez eta oholtzarik ere ez

Uztarria.eus 2015ko uzt. 22a, 21:01
Antolatzaileak eta babesleak AƱotan, 43. Sagardo Txapelketaren aurkezpenean.

Santio egunean egingo da Azpeitiko Sagardo Txapelketaren 43. edizioa eta, antolatzaileek "ahalegin berezia" egin duten arren, aurten ere ez da emakumerik izango epaimahaian. Eszenatokirik ere ez dute jarriko eta kiosko berrian kokatuko da epaimahaia.

Zapatuan, Santio egunez, festa egun handia izango da Azpeitian. Eta ekitaldi zerrenda luzearen barruan, eguerdi partean nagusi izango da aurten ere Goikabi, Landeta eta Loiolatxo elkarteek Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearekin batera eta Udalaren babesarekin antolatutako Azpeitiko Sagardo Txapelketa.

43. edizioa beteko du aurten Santio eguneko sagardoaren festak eta, aspaldiko urteetan bezala, 23 sagardogilek hartuko dute parte 12:00etan hasiko den txapelketan, plazaren bueltako arkupeak betez. Bi sari nagusi banatuko dira txapelketaren barruan: epaimahaikideek banatuko dutena, kioskoan bertan botatako sagardo botilak dastatu ondoren; eta arkupeetako postuetan batetik bestera ibiliko diren elkarteetako kideek erabakiko dutena. Guztira 3.000 bat sagardo litro ekarriko dituzte sagardogileek Azpeitira zapatuan. Sagardoa dastatu ahal izateko, plazan bertan edalontzia hiru euroren truke erostea besterik ez dago eta, Xebastian Lizasok Añota sagardotegiko aurkezpenean azaldu zuen bezala, nahi adina sagardo probatzeko modua izango da. Umorez baina serio, honela nabarmendu zuen Azpeitiko sagardo festaren berezitasun hori: "Beste herri batzutan edalontziaren truke laupabost trago ematen dituzte. Hemen, ordea, nahi adina edatea dago. Hala ere, zoritxarrez, batzuk etxetik Nocilla basoarekin etorriko dira. Halakorik ez egiteko eskatzen diegu. Sagardoak merezi du edalontzi on bat erabiltzea".

"Ez da gu ez garelako ahalegindu"

Dena prest dute antolatzaileek zapaturako eta txapelketa beti bezain arrakastatsua izatea espero dute. Hala ere, badute arantzatxo bat. Izan ere, eta aurten "ahalegin berezia" egin arren, ez dute lortu epaimahaian emakumerik egotea. "Ez da posible izan, eta ez da gu ez garelako ahalegindu. Deialdi publikoa ere egin genuen, baina... Ez dakigu publikoaren aurrean aritzeagatik den edo trago asko direlako, baina ez da inor animatu. Kanpoko enologo bat ekartzen ere saiatu gara, baina ez dugu lortu". Etsitzeko asmorik ez dute, hala ere, eta datozen edizioetan berriro ahalegintzeko asmoa azaldu dute.

Epaimahaiaren osaketan ez da, beraz, aurten ere berrikuntza aipagarririk izango. Bai, ordea, eszenatokian. Izan ere, aurten ez dute jarriko oholtza estalirik kioskoaren aurrean eta, horrela, sagardo txapelketa izango da plazako kiosko berria estreinatuko duen ekitaldia.

Sagardoa ateratzeko jendea behar

Bestetik, sagardogileek jarriko dituzten postuetan sagardoa zerbitzatzeko jendea behar dutela ere adierazi zuten antolatzaileek aurkezpenean. Animatzen direnek 11:30ak aldera kioskora azaldu besterik ez dute egin behar.