Euskal Herriko txapela herriratzeko prest

Gipuzkoako Hitza 2016ko uzt. 15a, 14:51
Egiguren, Iriarte eta Etxaniz, Frontoi Txikian. (Julene Frantzesena)

Joan den uztailaren 3an Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa bosgarrenez irabazita, Euskal Herriko finalera begira dira Azpeitiko pilotariak. Izan ere, txapelketa horretako Gipuzkoako ordezkariek bideratuta daukate Zigoitiaren (Araba) aurkako kanporaketa, joanekoa 3 eta 0 irabazita. Gaur jokatuko dituzte itzuliko partidak, etxetik kanpo, 19:00etan hasita.

Lan erdiak eginda, finala pauso txiki batera dute azpeitiarrek. Dena den, "partidak irabazi edo, gutxienez, tanto batzuk egin" beharko dituztela eta finalerako sailkatzea lortuko duten ikusteko dagoela diote Julen Egigurenek (Azpeitia, 2000), Gorka Iriartek (Azpeitia, 2000) eta Markel Etxanizek (Azpeitia, 1992).

Egigurenek kadeteetan jokatzen du Unai Alberdirekin; Gorka Iriarte Jon Alberdirekin aritzen da gazteetan, eta Etxanizek eta haren bikote Dani Murgiondok seniorretan ordezkatzen dute Azpeitia. Dena den, lesioak direla medio, hainbat aldaketa izango dira azpeitiarren artean gaurko partidetan; izan ere, min hartuta daude Egiguren eta Etxaniz, eta kanpoan da Murgiondo. Hala, bikote guztiek jasango dituzte aldaketak: kadeteetan, Unai Alberdik eta Gorka Iriartek jokatuko dute; gazteetan, Jon Alberdik eta Mikel Unanuek; eta, seniorretan, Jurgi Larrañagak eta Andoni Aizpuruk.

Hirugarrenaren bila

Azpeitiko pilotariek 2008an jantzi zuten aurrenekoz Euskal Herriko txapela, eta iaz bigarrenez. Aurten, Gipuzkoako Txapelketa irabazita, Euskal Herriko finalera iristeko pauso bat emateko faltan dira. Azpeitiarrek badakite esku-eskura dutela finalerako pasea, eta, haien aburuz, Doneztebe (Nafarroa) izango da beste finalista. Hala dio Etxanizek: "Lehenengo guk sailkatu behar dugu finalerako, eta, sailkatzen bagara, itxura guztien arabera, Doneztebe izango dugu aurkari". Egigurenek uste du "zaila" izango dela nafarrei irabaztea. "Kluben arteko Berria Txapelketan pilotari horien aurka jokatu genuen finala, eta antzeko taldea aterako dute herriartekoan: kadeteen partida gogorra izango da; gazteena, oso zaila, eta seniorrena ere, zaila. Hala eta guztiz, saiatuko gara irabazten".

Irakurri erreportaje osoa Gipuzkoako Hitza-ren webgunean.